Hezkuntza kalitatea eta lan baldintzak: ikasgelaren gainbehera ikusezina

Dani Otxoa Gartzia, Maitane Vallejo Alonso, Eneko Garcia Uriz, Irati Lareki Larrainzar, Asier Garcia Uribarri Amaia Gómez Pastor

Irakaskuntza publikoko irakasleak eta LABeko afiliatuak

2026-ko maiatzak 12

Cup of color pencils and stack of books on table

Narratiba politikoak “hezkuntza-kalitatea” jarri ohi du hauteskunde-promesen erdigunean. Berrikuntzaz, digitalizazioaz eta ikaskuntza-ibilbide pertsonalizatuez hitz egiten da, bere kabuz eguneratzen den software baten produktuak balira bezala. Hala ere, sistematikoki ahazten dugu hezkuntza-kalitateak aurpegia eta izena dituela eta, gaur egun, jasanezina den nekea ere baduela.

Irakasle batek arreta pertsonalizatua eskaini ahal izateko eta bere ikasleen hezkuntza-prozesua arrakastaz bideratzeko, denbora, baliabideak eta osasun mentala behar ditu. Irakasleen ongizaterik gabe, hezkuntza-sistemak huts egiten du.

Egunero ikasgelako konplexutasunari aurre egiten diogunon errealitatea oso urrun dago ideal horretatik. Nekatuta gaude, gogaituta, leher eginda… Gainezka gaude, eta egoera hau ezin da gehiago bokazioaren aitzakiaz estali. Hezkuntzako profesionalak gara ordaindu gabeko aparteko ordu gehien egiten ditugun langileetako batzuk; kontziliazio pertsonala sistematikoki sakrifikatzen dugu, baliabiderik gabeko hezkuntza-sistema bati eusteko.

Hezkuntza-kalitatearen gainbehera ez da kasualitatea, lan-ingurune desegoki baten zuzeneko ondorioa baizik. Alde batetik, ezinezkoa da irakaskuntza indibidualizatua aurrera eramatea ikasgela masifikatuak kudeatu behar direnean. Ratioak gainezka egonda, aniztasunari ematen zaion arreta “triaje” ariketa bihurtzen da, prozesu pedagogiko bat izan beharrean.

Bestalde, burokraziak itotzen gaitu. Gure lan pedagogikoa txostenen eta plataformen kudeaketak ordezkatu du; irakasten edo eskolak prestatzen eman beharko genukeen denborak ihes egiten digu administrazio-lanetan. Gaur egun, badirudi garrantzitsuagoa dela txostenak txukun-txukun izatea —nahiz eta inork irakurriko ez dituen—, irakaskuntza-jardunari behar bezala ekitea baino.

Ez hori bakarrik, bi hamarkadako soldata-izoztea pairatzen ari gara, bizi-kostua etengabe igotzen ari den bitartean. Erakundeen mezua argia da: hezkuntza ez da lehentasuna. Mespretxu horren ondorioa, halaber, gero eta handiagoa den gizarte-prestigioaren galera da.

Egoera honen ondorioz, orain arte ezezaguna genuen fenomeno bat gertatzen ari da: irakasle-lanbideari uko egitea. Irakasleen eskasia erakundeen gutxiespenaren ondorio garbia da. Gero eta gehiago dira, nekeari, osasun mentalari edo lana duintasunez egiteko ezintasunari aurre egin ezinik, ikasgelak uztea erabakitzen dutenak. Irakasle faltak ez du bokazio faltarekin zerikusirik, langileak erretzen dituzten lan-baldintza eskasekin baizik.

Ezin zaio hezkuntza-bikaintasunik exijitu itota, gutxietsia eta ekonomikoki zigortuta dagoen kolektibo bati. Gizarteak eta administrazioek benetan ikaskuntza-ibilbide moderno eta eraginkorrak nahi badituzte, ulertu behar dute irakasleen lan-baldintzak direla hezkuntza-sistema osoari eusten dion azpiegitura ikusezina. Irakasleen osasunean eta denboran inbertitzea da Nafarroako hezkuntza kolapsatu ez dadin dagoen berme bakarra. Irakasten duena zaindu gabe, ezinezkoa da inork ikastea.

Oro har, azkenik, irakasleen aldarrikapenei entzungor egitea izan da Carlos Gimeno kontseilariaren kudeaketaren ezaugarri nagusia. Kolektiboaren gehiengoarekin elkarrizketarako eta adostasunerako duen gaitasun ezak agerian uzten du ikastetxeen errealitatetik guztiz aldenduta dagoela. Bere plantilla zaintzen ez duen kontseilariak ez du hezkuntza publikoan sinesten. Nafarroan pairatzen ari garen ‘irakasleen saturazioa’ ez da halabeharrezko fenomeno meteorologiko bat; erabaki politiko zehatzen emaitza da.

Beraz, egoera honek badu konponbidea; Nafarroako hezkuntzak norabide berri bat behar du, lan-baldintzak hezkuntza-kalitatearen oinarria direla ulertuko duen norbait. Elkarrizketa eraginkorrerako duen gaitasun ezagatik, ikasgelen errealitateari dion mespretxuagatik eta hezkuntza publikoaren hondatze agerikoagatik, bada garaia Carlos Gimenoren kargugabetzea exijitzeko. Ez ikasleek, ez irakasleek, ez familiek, ez eta gizarteak ere, ez dute merezi karguak eskatzen duen mailarik ez duela frogatu duen kontseilari bat.

Gimeno kanpora!

Gehiago