Hezkuntza aldatzeko, inbertsio handiagoa

Pasa den asteko ostiralean hainbat eragile sozialek eta sindikatuk “aldaketa handiagoa eta sozialagoa” lemapean manifestazioa egin genuen Iruñeko karriketan herritar orori eskubide sozialak eta kalitateko zerbitzu publikoak bermatzen dizkion aurrekontuak aldarrikatzeko.

Amaia Zubierta eta Kepa Yécora. STEILAS sindikatuko bozeramaileak.

2016-ko abenduak 21

Oraingo Nafar Gobernuak arlo hauetan

pairatutako murrizketak zuzentzeko bideari ekin diola onartzen badugu ere, aldaketa soziala erdiesteko

ahalbidetzen duten aurrekontuetatik urrun gaudela ikusten dugu. STEILASek, Parlamentu Sozialak eta

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak berretsi dugu beharrezkoa den aldaketa honen alde lanean

segitzeko konpromisoa. 

Iaz, Gobernuak 600 milioi euro bideratu zuen Hezkuntzarako, eta aurtengo zirriborroan 635 milioi

euro aurreikusten dira. %6ko igoera bada ere, urria da egokituriko kopurua; berez, 2010 urtekoa baino

baxuagoa da (680 milioi), eta are gehiago kontuan hartzen badugu ikasle kopurua %7 igo dela azken

urteotan. 

Aurrekontuak bere osotasunean hartuta, 4.024 milioikoak dira eta horietako %15,78 Hezkuntzari

bideratua. Barne Produktu Gordinarekin alderatuta, Nafarroak %3,48 bideratzen du . Kopuru hauek

honakoa uzten dute agerian: alde batetik, urria dela hezkuntzari bideratutakoa, estatu mailako batez-
bestekoa %20 baita; bestetik, jomuga hartzen badugu desiragarria den BPGren kopurua, %6 alegia, oso

urrun gaude. 

Atalez-atal hezkuntza publikoko langileei soldata ordaintzeko kopurua handiena dela begi-bistakoa

da, 364 milioi inguru, kopuru osoaren %57. Atal honetan ere, urruti gaude 2010. urtean bideraturiko

kopurutik: 377 milioi. Honek agerian uzten du aurreko legegintzaldian suntsitutako enpleguak ( 800 inguru)

errekuperatzeko bideari ekin gabe segituko dugula aurten ere, baliabide ekonomiko nahikorik ez

dagoelako. 

Bada atal bat igoera izan duena “aurreko urteetako langileen ordainketak” eta horretarako 13

milioi bideratu dira. Hau da, aurreko gobernuak utzitako zorra kitatzeko kopurua da, orain epaitegietan

lortu baitugu langile interinoei ordaintzea dagokien guztia, irizpide murriztaileak alde batera utzita.

Bada atal bat igoera nabarmena izan duena, Azpiegituren Atala, aurrekontuetan %40ko igoera izan

duena. Horren ondorioz, ikastetxeen mantenurako eta berriak eraikitzeko 16 milioi euro bideratuko dira,

aurten baino 9 milioi gehiago. Igoera handi hau guztiz logikoa da – urria oraindik ere – kontuan hartzen

badugu aurreko gobernuak ikastetxe publikoak erabat abandonatuak zituela, eta horietako askoren egoera

deitoragarria da. 

0-3 ziklo hezitzailean ere igoera arina ematen da. Hala ere, finantziazioa 2010. urtean baino

txikiagoa da. Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek sinaturiko akordioan ziklo honetako zerbitzuaren

doakotasuna eta unibertsalizazioa helburu agertuta ere, aurrekontuetan ez da inolako aurrerapenik

ikusten. 

Unibertsitatea finantzatzeko kopuru igoerarik ez. Beken atalean ere ez. Ez eta beste

mailetako ikasleen laguntzetan ere. Era berean, sare pribatua finantzatzeko igoerarik ez dago; hala ere, deigarria da ikustea nola hiru atal ezberdinetan agertzen den 7 milioiko aurrekontua ondoko

zereginetarako: premia bereziak dituzten ikasleak artatzeko, immigraziorako, gutxiengo kulturaletarako

eta eskolatze-arazoak dituzten ikasleen arreta egiteko. Deigarria diogu, behar gehienak sare publikoan

artatzen baitira. 

Irakasleen prestakuntzarako atalean aurrerapenik ikusi dugu, baina igoera hau ez da modu

orekatuan eman, kopuru handiena hizkuntzen formakuntzarako eta promoziorako ematen baita;

atzerriko hizkuntzen mesedetan, eta neurri txikiagoan euskararen sustapenerako. 

28.000 euro hezkidetzarako. Guztiz urria da guk ikusten ditugun beharrak egoki asetzeko:

berdintasun plana, irakasle guztien formazioa, ikastetxeetan programak ezartzeko baliabideak… 


Beraz, ondorioztatzen ahal dugu aurrekontu hauek ez dutela balio murrizketak zuzentzeko.

Aurrekontuok lehengoen antza handia dute, UPNren garaiko bide beretik doaz; ez dute abiapuntu izan

benetako beharren azterketa, eta ez dute balio gobernuak planteatzen dituen helburuak erdiesteko. Era

berean, aurten ere sare pribatuaren pribilegioak mantentzen dira, bere horretan diraute, eta

derrigorrezkoak diren eta ez diren etapa guztiak finantzatzen dira. 

Etorkizunari begira, guztiz beharrezko ikusten dugu negoziazio prozesua bideratzea Hezkuntza

Kalitatea Hobesteko Itun berria lortzeko. Bertan, gure lan harremanak jasotzeaz gain, bestelako neurriak

ere jaso behar lirateke, hala nola, enplegua berreskuratzeko neurriak, interinoen prekarietatea nola

gainditu eta ikasle guztien arreta hobesteko neurri zehatzak. Hau guztia litzateke ondorengo

aurrekontuetan behar adina kopuru zehazteko abiapuntua. Halaber, Gobernu akordioan agertzen diren

konpromisoen kostuaren kalkulua egin behar du Departamentuak, daramatzagun bi urte hauetan ez

baita egin.

Gehiago