Haur eskoletako helmuga

Nafarroa Garaiko aldaketa politikoa agerikoa eginen dituzten urrats edo ekimenen artean hezkuntzari dagozkionak dira, ziur aski, erabakiorrenak. Horrexegatik uste dut bereziki inportantea dela Haur Eskolekin daukagun erronka.

Gaizka Aranguren

2016-ko urtarrilak 19

Iruñean 0 eta 5 urte arteko 8.500 haur dago gutti goiti beheiti. Euskaraz bi haur eskola baizik ez daude. Biak Txantrean. Eta bien artean 168 leku eskaini ditzakete.

Orain arte, euskarazko haur-eskoletarako eskaria eskaintza baino askoz ere handiagoa izan da. UPN eta PSN beti saiatu dira hori ezkutatzen edo gutxiesten, euskarazko eskaintza handitu ez zedin.

Orain ordea, Iruñeko udalak bermatuko du euskarazko haur eskolan lekua eskatu duen haur orok ukan dezan lekua.

Martxoaren hasieran hasiko da matrikulazioa. Gure inguruan haurrak dituzten familiei gogoratu behar diegu orain baietz, orain auzoan eta euskaraz abiatu daitezkeela etorkizunaren bila.

Gehiago