Ezjakintasunaren lasaitasunean

Aintzane Sarasola Sanchez

2017-ko otsailak 24

Ostegunero bezala goizean goiz jaiki eta sukaldera joan naiz gosaltzera. Gosaltzen ari naizen bitartean prentsari begirada bat botatzen diot. Hemendik aurrera entretenimenduzko alferrikako aldizkariak nahiago izanen ditudala uste dut, nire buruaren eta kontzientziaren ondorengo lasaitasunerako hobe izango baita, ezjakintasunaren lasaitasunean bizitzea.

Ondorio (faltsu) honetara, pentsakor uzten nauen berria irakurri ondoren ailegatzen naiz. Honetan, Amnistia Internazionalaren 2016/2017.urteko Txostena argiratu berri dela adierazten da, modu honetan herrialde desberdinetan aurkitzen den Giza Eskubideen inguruko errealitatea argitara emanez, eta bide batez “gu haien kontrako urtea” bezala laburbilduz. Ogi txigortuak bukatzen ditudan bitartean, click eginez txostena PDF-an deskargatu dut jakin-minez. Hura ireki eta zuzenean 182. orrialdera joan naiz Estatu espainolak jasotako suspentso guztiekin nire burua gozarazteko. Eta inork zalantzarik bazuen, aurreko urteetan jada gorriz markatuta zetozen alderdietan huts egin du berriz ere.

Paragrafoa hurrengo era honetan hasten da: ““Persistió el uso del delito de “enaltecimiento del terrorismo” para procesar a personas que ejercían de manera pacífica su derecho a la libertad de expresión.” . Berriro ere irakurtzen dut paragrafoa. Egia esan, haien letrak abesterakoan “justiziarekin” aurrez aurre jarri behar izan diren artista bat baino gehiago datozkit burura. Eta kasualitatez, tortura salaketen aurrean ikerketa eza leporatzen zaion “justizia” beraz ari gara. Baina lasai. Adierazpen askatasuna dagoen lurralde batean bizi gara eta.

Bizkor, “Inpunitatea” titulutzat duen beste puntu batera pasatzen naiz. Ez dut gehiago irakurtzen jarraitu nahi. Gai honi buruz gaur nahiko irakurri dudala uste dut. Minimizatua aurkitzen den eta aurretik irakurri dudan beste orrialde batean, Nóos Kasuko pertsona famatuenak, ziurrenik kartzela ekiditeko aukera izanen duela dioen berria daukat irekia. Azkenean fidantza ordaindu ezpadu ere, askatasuna bere “status”- arekin erostea lortu du.

Berandutzen ari zait eta txostenaren puntu bakar bat gehiago irakurtzeko astirik ez dudala izango ohartzen naiz. Konturatzerako, nire begiek “Emakumeen kontrako bortizkeria” izenburutzat duen paragrafora salto egiten dute jada. Honela dio: “La Ley de Medidas de Protección Integral contra la Violencia de Género y el establecimiento de juzgados de violencia contra la mujer habían entrado en vigor en 2004. Sin embargo, desde entonces no se habían evaluado los efectos de la Ley de manera participativa y transparente, a pesar de las preocupaciones expresadas respecto a la eficacia de los procesamientos y la idoneidad de las medidas de protección de las víctimas.”. Zoritxarrez horrela dago afera; 48 ordutan lau emakume izan dira ERAHILAK (ez dira hil), eta martxa honetan 2017. urtea markak gainditzera bideratuta dagoen urtea dirudi.

Albistegietan ordea, honen ostean beste berri bat jarraian ematera ausartzen dira; 40 argi- urtetara baino ez aurkitzen diren planeta batzuen aurkikuntza, ondoren “ hau bai benetan harrituta uzten zaituen berri horietako bat dela” entzutera pasatzeko. Eta bai, behin Patricia Karinaren olerki batean irakurri nuen bezala, ni ere feminista naiz emakume hitzaren arerio den lurralde batean.

Ez dakit txostena irakurtzen jarraituko dudan baina, hobe esanda, “haiek gure kontra”- ko urtea izan delakoan nago. Kafea bukatu, eta aurretik egun polita dudala pentsatzea falta zait soilik.

Gehiago