Euskararen balorazioari tranparik ez, arartekoaren arabera
Oraingoan Eguesibarko Udalak egin du: ordenantzen arabera, euskararen ezagutzari %3ko balorazioa eman behar zion lan deialdi batean (zerbitzu anitzetako peoi postua, 2017-6- 20ko deialdia). Eta bai, euskararen ezagutzari esker %3ko puntuazioa lor zitekeen, baina euskararik tutik jakin gabe ere %100eko puntuazioa lor zitekeen deialdian, beste merezimendu batzuei esker.
AET Administrazioan Euskaraz Taldea
2017-ko urriak 24
Praktika hori ez du ontzat jo Arartekoak (Q17/539 espedientea), Euskararen
Ordenantzaren eragina saihesteko modu bat delako. Euskararen balorazioak %3 izan
behar badu, gainontzeko merezimenduekin eta probekin gehienez %97 lortu behar
dela iritzi dio, ez gehiago.
Euskara gutxi baloratzen da Nafarroako Administrazioetan, eta baloratzen
denean ere horrelako tranpak egiten zaizkio. Honelako trikimailuak egin dituzte,
esaterako, Osasunbideak, Foruzaingoak, Nafarroako Parlamentuak, eta Iruñeko,
Berriobeitiko, Erroibarko eta Zizur Nagusiko udalek… Zuzena ez bada ere, legearen
ikuspuntutik zilegi da tranpa hori egitea euskararen baloraziorako araurik ez dagoen
tokietan, baina dauden tokietan ez da zilegi, ezta legearen ikuspuntutik ere, Arartekoak
gogorarazi duenez.
Eguesibarko Udalak aurrerantzean hori zuzenduko duela adierazi du. Ea
Arartekoaren gomendioak beste Administrazioetan ere eragina duen.
Euskararen eragina saihesteko trikimailuen garaia amaitu beharra dago. Azken
batean, lan deialdietan, euskararen puntuazioen atzean hiritar euskaldunon hizkuntz
eskubideak baitaude, eragile askok onartu nahi ez dituztenak.