Euskarak kalea behar du! Euskaldunok kalea hartu behar dugu!

Aurreko egunean, lan egiten dudan institutuan ikasle batek bota zidan: “hamar pertsona bagaude eta batek euskaraz ez badaki, logikoa eta errespetuzkoa da gazteleraz hitz egitea”. Hitz-kate horren eta bota duen pertsonaren atzean, banan banan aztertu ezin diren hamaika bizipen zehatz daude: eguneroko elkarrizketak, diskurtsoak, gertaerak, irudiak, bideoak…

Sugoi Etxarri, EHE

2024-ko apirilak 9

Eta horietan barna nagusitu den logika bat
antzeman daiteke, mundua gobernatzen duen logika indibidualista eta
sasi-bakezalea, alegia.

Euskal Herrian (ere) agintzen duen logika horrek berak ezkutatzen ditu bi
pertsonaren edo gehiagoren artean dauden botere-harremanak; klaseak,
sexu-generoak, jatorriak, azal-koloreak, hizkuntzak eta abarrek eragindakoak.
Horrela, denok askeak eta boterez berdinak bagina bezala pentsatzera eraman
gaituzte, gure bizipen eta ekintzen kausa zein ondorio sistemikoak ezkutatuz,
ikusezin bihurtuz. Nik euskaraz edo gazteleraz egin, zer axola du? Aske naiz nahi
dudana egiteko. Gainera, ez dadila inor gaizki sentitu, ez dezagun inor gaizki
sentiarazi. Errespeta dezagun dena, bakoitzak egin dezala nahi duena, bakeak asko
balio du…

Pentsamolde honek, bistan da, gure arteko egiturazko botere-harremanak ezkutuan
uzten ditu eta itxurazko bakea ezartzen du, noski, zapaltzailearen mesedetan eta
zapalduaren kaltetan. Aipatutako ikasle horri honela itzuli nion galdera: “Eta hori
egiten badugu erdaldun bat dagoen guztietan, zenbatetan ahalko dugu geure
hizkuntzan, euskaraz, hitz egin?”. Segundu batzuetako isiltasuna sortu zen eta beste
ikasle batek horrela erantzun zidan: “Bai, baina orduan, mundu guztiak euskaraz
ikasi beharko luke eta hori lortzea oso zaila da…”. Ttak, hasi ziren maila kolektiboan
pentsatzen, baina jakina, egiturazkoa dena aldatzea zaila da, zailegia
indibidualismoz inguratuta hazi den norbaitentzako.

Azken urtetan gero eta gehiago, ikasleek euskara eskolarekin eta arauarekin lotzen
duten irudipena dut, eta erdara, kontrara, dibertsioarekin eta askatasunarekin. Urte
luzetako borrokaren ondorioz euskara neurri (txiki) batean instituzionalizatzea lortu
dugun bitartean, diglosia egoera bortitzean jarraitzen dugu, baina gutxi hitz egiten da
horri buruz, eskoletan, etxeetan zein kalean. Errealitate gordin hori izkutuan geratu
da, indibidualismoaren eta sasi-bakearen araupean. Izan ere, Arestik zion bezala,
bakeak euskarari -eta edozein talde zanpaturi- kalte egiten dio.

Errealitateak, sarritan, begiratu hutsarekin ez dira ikusten, baina seinalatuz gero bai.
Horregatik, nire ustez, horixe dagokigu orain; hitz gutxitan esanda, nagusitzen den
maila instituzionaleko borrokari uko egin gabe, kalea berreskuratu behar dugu;
lehenak bigarrena apaltzeko izaten duen joera gaindituz. Eskubide indibidualen
lanketatik eta hitz neurtuetatik haratago, herri gisa ditugun ametsez, etsaiez eta
askatasun kolektiboetarako bideez hitz egiteko premia dugu. Egunerokoan
“normaltasun” gisa bizi ditugun egoerak desnormalizatu eta kaleak astintzeko. Eta
kale horietan, behekoen askatasuna nahi duten beste mugimendu batzuekin topo
egin eta indarrak batzeko.

Bizitza, hizkuntzak, herriak eta errentagarri ez zaion guztia suntsitzen dituen sistema
honen eta bera iraunarazten duten Estatuen aurrean, gure artean bereizi eta
isolatzen gaituztenen aurrean, itxaropena kendu nahi digutenen aurrean…
komunitatea lantzea da mugimendu askatzaile guztion premia bizia. Horretarako,
kontzientzia hartu, elkartu, konplexu zahar-berriak gainetik kendu, taldean pentsatu
eta ekin behar dugu. Tokian toki, ahal den eremu guztietan erein, borrokak piztu,
eragin. Bakarrik ezin dugu, lagunekin bai.

Astindu berri bat behar du gure hizkuntzak eta komunitateak. Apirilaren 22tik 28ra
izanen dugun Euskaldunon Harrotze Asteak horretarako aukera bat eskainiko digu,
inflexio puntu bat, elkar motibatu eta ahalduntzeko. Kolektiboki harrotzeko ariketa
bat izanen da, parte hartu nahi duten euskaltzale guztiei irekia.

Gure institutuko ikasleek, beste guztiok bezala, egoeraren kontziente izateko eta
askatzailea den komunitate baten parte aktibo izateko eskubidea dutelako, eman
diezaiogun euskarari kalea!

Gehiago