Etxebizitzaren aldeko borroka ez da siglen arteko lehia
Miren Arantza Etxeberria
LAB
2026-ko azaroak 16

Azaroaren 11ko etxebizitzaren aldeko greba orokorrak agerian utzi du Hego Euskal Herrian badagoela etxebizitza eskubidearen alde borrokatzeko indar kolektibo nahikoa. Milaka lagunek kaleak hartu dituzte, lantokiak hustu eta etxebizitza pertsona guztien oinarrizko eskubidea izan dadila aldarrikatu dute. Hori zen grebaren helburua: etxebizitzaren arazoa, agenda, politiko eta sozialaren erdigunean kokatzea, eta horretarako beharrezkoak diren indar guztiak batzea.
Horregatik, bereziki kezkagarriak dira LAB sindikatuak egunotan hedabideetan egindako adierazpenak. Etxebizitzaren inguruan sindikalismoa egiten duen eragile bakarra dela aldarrikatzea, gainerako etxebizitza sindikatuak mugimendu sozial hutsak direla esatea edo maizterrik ez dutela iradokitzea, ez da soilik errealitatearen irakurketa okerra; urte luzez egindako lan kolektiboa gutxiestea eta borroka honen benetako protagonista asko ikusezin bihurtzea da.
LAB sindikatuak orain bi urte hasi zuen etxebizitzaren aldeko sindikalgintza, baina etxebizitzaren aldeko borroka lehendik hasia zen. Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek urteak daramatzate auzoetan, etxeetan eta kaleetan lanean; etxegabetzeei aurre egiten, maizterren eskubideak defendatzen, etxebizitzaren espekulazioa salatzen, erredun eta arduradun guztiak seinalatzen eta alternatiba kolektiboak eraikitzen. Eguneroko lan isil eta neketsu horrek ez du beti hedabideen arreta lortzen, baina milaka pertsonaren bizitzan eragin zuzena izan du eta izaten jarraituko du. Borroka horren zilegitasuna ez du sigla batek ematen, urteetako antolakuntzak, konpromisoak eta herriaren babesak baizik.
Are larriagoa da mugimendu sozialak bigarren mailako eragile gisa aurkeztea. Ez al da, hain zuzen ere, ezkerreko sindikalismoaren oinarrietako bat herri mugimenduak aitortzea, babestea eta haiekin batera borrokatzea? Herri mugimenduak ez dira sindikatuen osagarri hutsak, ezta sindikatuen ordezkoak ere. Haien esperientzia, autonomia eta antolakuntza ezinbestekoak dira eraldaketa sozialerako. Etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan, mugimendu sozialek urte luzez erakutsi dute antolakuntzak eta elkartasunak zer egiteko gaitasuna duten. «Herriak bakarrik salba dezake herria» ez da lelo huts bat; eguneroko borrokan eraikitzen den errealitatea da.
Eta greba orokor batek horixe izan beharko luke: norberaren sigla, bandera edo protagonismoa albo batera utzi, eta aldarrikapen kolektiboa lehenestea. Greba baten arrakasta ez da neurtzen nork atera duen argazki gehien, nork atzeratzen duen banderarik handiena edo nork agertu duen bere logotipoa toki gehienetan. Ez da kameren aurrean gehien agertzea, ezta mobilizazioen irudiaren jabe egitea ere. Arrakasta borroka zabaltzea da, ahots gehiago batzea eta aldarrikapenari indar handiagoa ematea.
Tamalez, greba honetan protagonismoaren inguruko lehia horren hainbat adibide ikusi ditugu. LABek bere mobilizazioak, bere presentzia eta bere marka lehenesteko erakutsitako jarrera kezkagarria izan da, bereziki horrek elkarlanaren eta indar metaketaren kaltetan jardun duenean. Greba honen benetako protagonista ez zen sindikatu bat edo beste izan behar, etxebizitza eskubidearen alde antolatzen eta borrokatzen ari den herri oso bat baizik.
Greba eta borroka hau ez dira sindikatu baten proiektu partikularra. Ezta inoren marka sendotzeko plataforma ere. Etxebizitzaren krisiak langile klase osoari eragiten dio, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa da euskal gehiengo sindikalaren, etxebizitza sindikatuen, mugimendu sozialen eta herri ekimen guztien arteko elkarlana. Ez dago eraldaketa sozialik indarrak zatituz eta elkarren lana gutxietsiz eraikitzerik.
Etxebizitza eskubidearen aldeko borrokak luze joko du. Horregatik, ezinbestekoa da norabide argia izatea. Elkarren arteko lehiaren ordez elkartasuna, protagonismoaren ordez edukia eta siglen interesen ordez herriaren beharrak lehenestea. Ez dugu behar nork egiten duen sindikalismo gehien neurtzeko lehiarik; antolatzeko, elkartzeko eta borrokatzeko prest dagoen jendea behar dugu.
