Eskutitz irekia Nafarroako Eskola Kontseiluko presidenteari eta hezkuntza komunitateari

Urte hasierarekin bat eginez, Nafarroako Eskola Kontseiluak prozesua abiatu du Hezkuntza Ituna eztabaidatzeko eta adosteko. Gure iritziz oso ekimen beharrezkoa eta positiboa da. Areago, pandemiak ere agerian utzi dizkigunean gure indarguneak eta gabeziak, egungo beharrak eta etorkizunerako erronkak.

Marta Diez (Sortzen), Esther Lakasta (Basaburuko alkatea), Oihane Jordana (LAB)

2022-ko maiatzak 12

 Horrexegatik, funtsezkoa iruditzen zaigu une aldakor honetan Nafarroako Hezkuntza Sistemaren errealitatetik abiatuta, hurrengo urtetan hezkuntzak beharko lituzkeen ekimenak, aldaketak, zuzenketak, inplementazioak… era adostuan eta partekatuan dokumentu batean biltzea eztabaida zabal, pausatu eta demokratikoaren ostean, eta zergatik ez, halako ituna Nafarroako Hezkuntza Lege propio berri baterako oinarria izatea. Beraz, erronkarekin bat egiteko prest egon gara, gaude eta egongo gara ilusio eta gogoz. Hala ere, benetan uste dugu planteatutako abiapuntua, metodologia eta epeak erabat okerrak direla eta momentuz funtsezko den galderak ez du erantzun garbirik: Hezkuntza Ituna zertarako nahi dugu?

Hezkuntza Ituna sortzeko prozesuari urtarrilean izandako jardunaldi batekin hasiera eman zitzaion eta Eskola Kontseiluaren presidenteak plazaratutako asmoaren arabera sei lan saioren ondoren, apirilean itxi nahi izan du ituna. Horretarako, presidenteak abiapuntutzat jarri duen zirriborroa ez da Nafarroako errealitatetik abiatzen. Aitzitik, Aragoiko Erkidegoko Eskola Kontseiluak urtebeteko lanaren ostean 2016an adostutako dokumentua da, xehetasun txiki batzuk aldatuta. Aragoiko Parlamentuan luze eztabaidatu ondoren, bi urte beranduago itun proposamen hori gutxienekoen akordio soila bilakatu zen, zerbait onartu ahal izateko. Osotara hiru urte baino gehiago oinarrien akordio bat lortzeko.

Gure ustez, abiapuntua urtero Eskola Kontseiluak oso era egokian sortzen duen Nafarroako Hezkuntza sistemaren datuak biltzen duen txostenean oinarritutako diagnosi partekatua izan beharko litzateke. Gure errealitatetik abiatuta Nafarroako Hezkuntza Sistemak dituen indargune, ahulgune, aukera eta mehatxuak hezkuntza komunitate osoarekin eztabaidatu eta adostu. Aragoiko Hezkuntza Ituna Aragoin bikaina izan daitekeen arren, inondik inora ez du zer ikusirik Nafarroako errealitatearekin eta, ondorioz ez da abiapuntu egokia Nafarroako Hezkuntzak behar dituen erantzunak bilatzeko. Geure errealitate soziolinguistiko, politiko eta sozialak ezaugarri propioak ditu, agerikoa denez.

Diagnosia egin ostean, Nafarroako Hezkuntza komunitateko eragile GUZTIEK (familiak, ikasle erakundeak, mota guztietako langileak, hezkuntza formala, informala eta ez formaleko eragileak, Eskola Kontseiluan ordezkatuta daudenak eta ez daudenak) bere kezkak eta proposamenak plazaratzeko aukera izan beharko lukete. Eta ezinbestekoa litzateke ere, Nafarroako eta kanpoko hezkuntza adituen eskarmentua mahai-gaineratzea Nafarroan ditugun aukerak probesteko, gabeziaz jabetzeko eta Nafarroatik kanpo hezkuntza arrakastaz eraldatzeko esperientzietatik edateko. Hezkuntza Itunak gure hezkuntza sistema hobetzeko eta Nafarroako hezkuntza komunitatea trinkotzeko saiakera serioa izanen bada, hori izan beharko litzateke oinarria eta ez Aragoiko Ituna hartuta lau hilabetetan zehar Eskola Kontseiluan izandako sei saiotan landutakoa, non ordezkariek ez duten aukerarik beraien erakundeetan kontrasterik egiteko edo gainontzeko lantaldeek egindako lanari ekarpenak proposatzeko.

Hezkuntza Itunak benetan eraginkorra eta eraldatzailea izan nahi badu, ezinbestekoa da Eskola Kontseiluan gida dezakeen bide sozial parte-hartzailea, baina aldi berean, garrantzitsua litzateke Parlamentuan paraleloki bide politikoa aktibatzea ere. Horretarako benetako borondate politikoa behar da alderdien arteko balizko sintonietatik adostasun zabalak eraikitzeko. Benetan uste badugu Nafarroan Hezkuntza Ituna beharrezko tresna dela, goazen baldintza sozial eta politiko egokiak sortzera Nafarroako jendarte eta ikasleen beharrei erantzunak emanen dizkion hezkuntza lege propioa garatzeko.

Behean sinatzen dugunok eta ordezkatzen ditugun eragileok lan handia eskatuko duen halako prozesu zintzoa garatzeko prest gaude. Ez gaude prest ordea, tiraderan gordeko den eta hantuste bezain hutsa izanen den hezkuntza ituna babesteko. Hezkuntza Ituna garatzeko proposamen serioa baldin badago mahai gainean, gure onena emateko prest gaude, bitartean ez dugu denbora eta indar gehiagorik xahutuko inora ez garamatzan saiakera batean, ikusi baitugu jasotako zirriborroan ez dela guk egindako ekarpenik jaso. Horregatik alde batetik, gonbitea luzatu diogu Eskola Kontseiluko presidenteari gure ustez antzua den planteamendua birformulatzeko eta Nafarroako Hezkuntza Sistemak dituen erronkei benetako konponbideak emanen dizkion Hezkuntza Ituna sortzeko prozesu erreala abiatzeko. Bide horretan bidelagun aktibo izanen gaitu berriro ere. Beste aldetik, dei egiten diogu Nafarroako hezkuntza komunitateari emankorra izan daitekeen prozesua bultzatzeko.

Gehiago