Eskuin mediatikoak abiatu duen desinformazio eta intoxikazio kanpainaren aurrean

Araba eta Sakana Trenaren Alde herri plataformak

2025-ko otsailak 12

Sakana eta Araba Trenaren Alde herri plataformak bere gaitzespen irmoa adierazi nahi du eskuin mediatikoak abiatu duen desinformazio eta intoxikazio kanpainaren aurrean, gure eskualdeetan ematen ari diren AHTaren zundaketa saiakeren inguruan.
Azken asteotan, Nafarroako lurraldean zundaketak egiteko bi saiakeraren lekuko izan gara: bata Otxobin eta bestea Izurdiagan, non bi kasuetan ez zuten beharrezkoak diren baimenik. Ekintza horiek, indarrean dagoen legedia urratzeaz gain, herritarrek informazioa jasotzeko eta beren inguruneari eta bizi-kalitateari eragiten dieten erabakietan parte hartzeko duten eskubidea urratu egiten dute.
Kezkagarria da manipulazio-taktikak erabiltzea beharrezkoa ez den eta gure inguruneari eta komunitateei kalte konponezina eragingo liokeen proiektu bat sustatzeko.
Funtsezkoa da gogoratzea herritik planteatutako, eta Bide Ingeniariek egindako Alternatiba bideragarri bat dagoela, egungo trenbide-azpiegiturak modernizatzea eta egokitzea proposatzen duena, merkantzien eta bidaiarien trafiko mistoa ahalbidetuko lukeena. Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzuari, aldiriko trenei eta eskualdekoei ere lekua egingo lieke, eskari guztia trenbide-plataforma bakar batekin betetez. Egungo azpiegiturak berritzea errentagarriagoa da ekonomikoki eta sozialki Abiadura Handiko azpiegitura berriak eraikitzea baino. Tren Publiko, Sozial eta Jasangarri baten aukera honek, gure eskualdeko ondare naturala errespetatzeaz gain, lurraldea egituratzea ere sustatuko luke, herrien arteko lotura hobetuz, geltokiak eta geralekuak berriro irekiz eta aldirietako zerbitzu integrala eskainiz.
Azpimarratu nahi dugu AHTrako plataforma esklusibo batean inbertitzea mehatxu bat dela gure eskualdeen ongizaterako eta gure ingurunearen etorkizunerako. Gainera, baliabideak beste premiazko behar batzuetara desbidera daitezke, hala nola, osasungintzara, hezkuntzara, egungo garraio publikoaren sarearen hobekuntzara edota herritarrentzat benetan onuragarriak diren azpiegitura jasangarrien garapenera.
Horregatik, Jose Antonio Santanori, Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren Estatu idazkariari, alternatiba hori kontuan har dezala eskatzen diogu, “eztabaidatu ahal izateko” (Radio Euskadin eskatu zuen bezala) eta orduan benetan forgatuko da dauden aukeren artean Alternatiba dela aukerarik onena dela bai ingurumenarentzat baita jendartearentzat.
Herritarren ahotsa entzun behar da. Gure zonaldearen garraioaren etorkizunari buruzko elkarrizketa irekia eta gardena eskatzen dugu, hemen bizi garenon beharrei eta interesei lehentasuna emanez.

Gehiago