Eskola jardunaldia aldatzeko Foru Agindua orain!
Nafarroako 365 ikastetxe publikoetatik (0-3, Haur eta Lehen Hezkuntza, Irakaskuntza Ertainak) 29 bakarrik gelditzen dira jardunaldi zatituarekin eta bat malguarekin.
Elixabete Ansa Otermin ”Jardunaldi aldaketa gehiengo soil bidez. Bozketa demokratiko baterantz” guraso taldea
2022-ko urriak 28
Nafarroan eskola jardunaldiaren aukerak (jarraia, malgua, zatitua) aldatzeko bozketa demokratiko bat sustatzen dugun familia taldean, hainbat hilabete daramagu araudi berri bat onartzeko premia eskatzen, aukera guztiek aukera berdintasuna izango dutela ziurtatzeko eta ikastetxe bakoitzak, familia boto-emaile gehienen arabera nahi duen jardunaldia ezarri ahal izango duela bermatzeko.
Argi daukagu horrelako prozesuei demokrazia eta justizia handiagoa eman nahi bazaie, ikastetxeei eta hezkuntza komunitate osoari autonomia eman ahal izateko, ezin dugula gehiengo bereziak eskatzen jarraitu, ez eta parte-hartzea zigortzen dutenak edo familiei inoiz galdetu ez zaien jardunaldi mota bati (zatituari edo etenari) laguntzen diotenak babesten ere.
Duela hilabete batzuk Arartekoak Hezkuntzari prozesu hori arautuko zuen lege-xedapen berria onar zezala gomendatzea lortu genuen.
Urtarrilean, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak berak esan zigun eta prentsan ere zabaldu zuen aurtengo ikasturterako indarrean izango genukeela Foru Agindu berria, eskola jardunaldien sarrera eta irteera arautzen dituena.
Araufia egin aurretik herritarren parte hartzerako galdetegi publikoa uztailaren amaieratik Gobernuaren gardentasun orrian irekita dago.
Azken asteetan, guraso federazioak, zuzendaritza taldeen elkarteak, sindikatuak eta irakaskuntzako patronalak bildu dituen partaidetza prozesu bat egin da, eta prozesu horretan, Hezkuntza Departamentuko arduradunek ere esan dute araudi berria indarrean egongo litzatekeela 2022aren amaierarako; hala, hezkuntza komunitateek prozesua baldintza berriekin egin ahal izango lukete, eta hartara, hezkuntza sisteman sartzen diren familia berriek beren seme-alabak eskolek aukeratzen duten jardunaldien arabera matrikulatu ahal izango lituzkete.
Gogora ekarri behar da Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako 154 ikastetxe publikoetatik 29 baino ez direla gelditzen jardunaldi zatituarekin eta bakar bat malguarekin. Beste ikastetxe guztiek, familiek bozkatutako gehiengo bereziekin bada ere, jardunaldi jarraia dute.
Jardunaldi etena duten 29 ikastetxe horietatik 8 eskoletan ez da inoiz egin prozesua edo ez da iritsi familien azken botaziora. Gainerako 21 ikastetxeetan jardunaldi jarraiaren aldeko agertu da hezkuntza komunitatearen gehiengoa, nahiz eta ez den iritsi erroldaren %60ra (boto-emaileen kasuan, kasu askotan aldeko botoen %70a baino gehiago lortu arren).
Aipagarria da, halaber, Nafarroako gainerako ikastetxe guztietan (0-3 Haur Hezkuntzan eta Irakaskuntza Ertainean) ikasleen eskola-ordutegia eguerdian amaitzen dela duela zenbait urtetik. Zergatik ez eskola-ordutegiak bateratzeko ahalegina? Une egokia dela uste dugu.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu ez dezala gehiago luzatu eskola jardunaldiak arautzen dituen foru agindu berriaren argitaratzea, eta behingoz, eskola jardunaldi mota bakoitzaren antolaketa, garraio edo eskolaz kanpoko gaien inguruko zailtasunak arautu eta hobetzeaz gain, bozketa prozedura bidezkoagoa eta demokratikoagoa izan gehiengo soila ezar dezala eskatzen diogu, ebazpen zein foru agindu bidez dela ere.