Eskola eredu berria birpentsatzeko eta marrazteko garaia da

Ziurgabetasunez beteriko garai zailak bizitzen ari gara, eta jakin badakigu ez dela erraza izango egoera berezi honetan eskoletara bueltatzeko plan egokia diseinatzea.

Sortzen Elkartea

2020-ko maiatzak 13

Hezkuntza
departamentua eskoletara bueltatzeko aukera aztertzen ari da une honetan, Osasun Sailak
emandako gomendioak kontuan hartuta. 

Eskolara bueltatzearen inguruko erabakiak hartzerakoan oso garrantzitsua deritzogu hainbat
kontu aintzat hartzea: alde batetik, Nafarroako eskola kontseiluaren txostenak ematen dituen
aholkuak. Eta, bestetik, jakina da, eskolara itzulera antolatzea oso lan arduratsua dela, eta
hezkuntza komunitate osoari dagokiola. Beraz, antolaketa prozesuan hezkuntza komunitate
osoaren parte hartzea bermatzea ezinbestekoa deritzogu. 

Orain egun batzuk, gurasook inkesta bat jaso genuen, zeinetan, 3 galdera eta oharrak
atxikitzeko aukera ematen zitzaigun.
Horietako galdera bat, soilik 3-6 urte bitartekoentzat zen,
eta, orduan, 6-12 urteko haurren zaintza eta heziketa prozesua ez da kontuan hartu behar ala?
Eta beste etapak? Familia guztien eta gizarte osoaren ardura da Hezkuntza publikoa eta
kalitatekoa jaso ahal izatea, eskubidea da, eta hori bermatu beharra dago. 

Eskolak hainbat haur eta gazteren beharrak bete eta asetzen ditu. Ikasleak erdigunean jarriz,
inkesta horretan beste galdera batzuen falta sumatu dugu, eta inkesta bete aurretik ere,
argibide batzuk jasotzea ere behar-beharrezkoa litzateke. 

Zer argituko dute inkestan jasotako datuek? Egia da, herri hau aurrera bideratzeko guztiok
parte hartu behar dugula, guztion lana behar-beharrezkoa dela. Beraz, haurrak eskoletan utzi
ezkero, gurasoak lanera buelta gintezkeela, baina, bada garaia, zaintzaren garrantzia
ikusarazteko, itxialdi egun hauetan ikusi ahal izan dugun bezala.Txiki, gazte, heldu, gaixo,
elbarri, zein behar bereziak dituztenak. Gizarte osoaren arteko zaintza behar-beharrezkoa da.
Eskola ez da haurrak uzteko tokia, eskolak eta ikas komunitate osoak, bere funtzioa du, funtzio
hezitzailea, hain zuzen ere. Eta, horregatik, berriz ere diogu, egoera berezi honek ratioak
jaisteko beharra argi eta garbi utzi digula. 

Ikasle bakoitzak, bakarra den heinean, beharrak ere desberdinak ditu, eta egoera honetan, oso
garrantzitsua deritzogu ikaslea erdigunean jarriko duen, eta behar horiek asetuko dituen
ikasturte amaiera eta hurrengo ikasturte berria ondo diseinatzea. Horretarako, baliabide
gehiago esleitzea behar-beharrezkoa irizten diogu: Irakasle eta hezitzaile gehiago, ratioak
txikitu, espazioak zabaldu, metodologia berriak landu, aisialdia euskaraz eta abar luze bat.
Aipatutako guztiak aurrekontu handiago baten beharra agerian uzten du. Beraz, garbitasun
neurriak, elkarrenganako distantziak ondo zaintzea, eta Osasun Sailak ematen dituen
gomendioez gain beste neurri eta aldaketa horiek ere ezinbestekoak dira gure eskola publiko
berria eraikitzeko. Birpentsatu eta marraztu dezagun etorkizuneko eskola eredua, momentua
probestuz, berrantolatuz eta eskola berria eraikiz egunez egun!

Gehiago