Erripagainan ez gaude poliziak txalotzearen alde
Lehenik eta behin, argitu nahi genuke idazki honen asmoa ez dela inolako eztabaidarik sortzea, baizik eta ikuspuntu bat mahai gainean jartzea, espero dezagun uler dadila, beste jarrera batzuk ulertzen eta errespetatzen ditugun bezalaxe.
Erripagainako hainbat bizilagun
2020-ko apirilak 13
Erripagainako Madril kaleko atzekaldean dagoen Plazako eta inguruko guneetako bizilagunak garen heinean, gure ezinegona eta desadostasuna adierazi nahi dugu inguru horretan polizi ezberdinei egunero egiten zaizkien omenaldiekin.
Gure ustez, osasun-langileak salbuespenezko egoera honetan egiten ari diren lan izugarria eskertzea helburu bakarra zuen ekimen baten instrumentalizazioa ematen ari da. Ziur gaude hasierako helburu horrekin guztiok ados gaudela.
Hala ere, langile horiek guztiak inolako plazatara joan ezin diren une batean, atsedenik gabe ari baitira lanean, harrituak ikusten dugu nola udaltzain, foral, nazional eta guardia zibil autoak, karabanak egiten eta plazan sartzeko koordinatzen direnak, auto omenaldi moduko bat egunero egiten duten, zeina, egia esan, ez baitugu ulertzen.
Pentsatzen dugu toki honetan polizia ezberdinen inguruan dugun ikuspegia, iritzia eta bizipenak oso desberdinak direla, eta, beraz, uste dugu ez dagoela behar besteko adostasunik horrelako omenaldiak egunero eman daitezen.
Egoera honen aurrean, txaloen jatorrizko arrazoia berreskuratzea eskatzen dugu, eta hori, krisi hau gainditzeko ospitaleetan azala uzten ari diren langile guztiei eskerrak ematea besterik ez da, horretarako inolako poliziarik egon behar izan gabe.