Ceuta eta Melilla, espainol peto-petoak

Sabino Cuadra Lasarte

abokatua

2026-ko irailak 28

Melilla. Museo Arqueológico, Plza Los Aljibes

Duela gutxi, Margarita Robles Defentsa ministroak, aberriarekiko gogo biziz, azaldu zuen Ceuta eta Melilla, espainolak izateaz gain, “espainol peto-petoak” zirela. Ezta Franco bera ere ez zen ausartu horrenbertze erratera. 50-60ko hamarkadetan, eskolan, ikasi genuen hiri horiek “subiranotasun plazak” zirela, hots, XIX. mende hasieratik, domino piezak bezala gainbeheratzen ari zen inperio baten hondar kolonialak. Horren froga, 1986 arte, bertako populazioak ez zuela NANik eta, penintsulara bidaiatzeko ibiltzeko baimen berezia behar zuela.
Gaur, Espainiako kide direla defendatzeko, argudiatzen dute bertako partaide direla XV. mendez geroztik (Melilla) eta XVI. mendetik (Ceuta). Alta, ezkutatzen da urte haietan bertan, arma espainiarren indarrez Afrika Iparreko bertze lurraldeak ere konkistatu zirela, hala nola, Mazalquivir, Oran, Aljerko haitza, Tripoli, Tunez, La Goleta…, eta horiek guztiak gaur egun bertze estatu batzuetako parte direla: Marroko, Aljeria, Libia. Haietatik, gaur, Alhucemasko haitza, Gomerakoa, Chafarina irlak eta Perejilgo irlatxoa, bertzerik ez dira gelditzen, denak ere, enklabe militar mikroskopikoak, biztanle zibilik gabekoak, Marrokori ez lagatzeko (horrela beharko luke), hortzez eta haginez defendatzen den proiektu hagitz gutxitukoak.
1898an Kuba, Puerto Rico, Filipinak, Guam, Karolina eta Marianak irlak galdu ziren, orduko “Margarita Roblesek” lurralde espainol peto-petotzat hartzen zituztenak. Horrek shock egoeran utzi zituen Espainia zaharkitua eta bere Armada inperiala. Aurrekoa konpentsatzeko eta lan gabezian zegoen horrenbertze militarri lana emateko, 1912an, Espainiak, Frantziarekin batera, Afrika Iparraldea banatzeari ekin zion eta Marokoko protektoratua sortu zuten, hango lurraldea subiranotasun, indarkeria eta harrapaketa bi zonatan banatuta. Horrek bertako populazioen etengabeko altxamendu indartsuak eragin zituen (Rifeko gerrak…) eta 50.000 soldatu arte izan zituen kontingente militarra mantentzera behartu. Azkenik, 1956an, Marrokok independentzia erdietsi eta bi protektoratuak berreskuratu zituen.
Bertze aldetik, II. Mundu gerraren ondoren, NBEk sustatutako prozesu deskolonizatzaileak ekarri zuen Ekuatore Gineari independentzia ematea (1968) eta Ifni Marrokori lagatzea (1969). Erregimen frankista prozesu horiek galarazten saiatu zen, bere kolonia guztiei “probintzia” espainiarren maila ematen, Gortetan aulkiak barne, baina trikimailuak ez zuen funtzionatu eta, azkenean, Francok España “bata handia eta librea” maitatuaren zati baten galera irentsi behar izan zuen.
Saharakoa ezberdina izan zen. Gineako antzeko bidea ireki ordez, estatu espainiarrak lurralde hori Marrokoko errege Hasan II.a satrapari laga egin zion. Justiziako Nazioarteko Auzitegiak (NBE) lurralde horrek ez zuela Sahararen gaineko inolako lotune historiko eta juridikorik deklaratu arren, eta hori zela kausa, Españak, potentzia koloniala zen aldetik, herri sahararrari independentzia erdiestea ahalbidetuko zuen autodeterminazio prozesu bat ireki behar zuela adierazi arren, frankismoak, lotsagabeki, 1975ean, Marrokori eman zion probintzia “espainol peto-peto” hura. AEB izan ziren horren gibeletik, ustezko errepublika sahararri kontra eginez, orduan FLN antiinperialistak gobernatzen zuen Aljeriarekin sahararrek izan zitzaketen adiskidetasun loturen beldur.
Egia erran, Espainiak ez du inoiz jakin bere aberriko lurraldeen munta zehazten, bere armen indarrari lotu gabe. Adibide zentzugabe gisa balio beza Ceuta eta Melillako kasuak. Izan ere, duela 160 urte, hiri horien hedadura finkatu zen hiri horietako gotorlekuetatik jaurtikitako kanoi tiroen distantzia oinarri hartuta. Zientzia politika hutsa!
Hala eta guztiz ere, diskurtso espainolista ez da eskuin espainiarrena bakarrik (bai, aberri baten betiko esentziak berresten dituzten horiek baina haren himno nazionalari letra paratzeko gauza izan ez direnak); ezker espainiarraren zati handi batengan ere eragina du. Adostasun konstituzionalak, frankismoaren lorerik hautatuenek bertan parte hartu baitzuten (monarkia, armada, epailetza, kapital handia, UCD, AP…) ezkerretan ere sartu zituen españolismo zaharkituaren dosi handiak.
PSOEk, Ceuta eta Melillari dagokienez, frankismoan mantendu zuen tesi antikolonialistak abandonatu zituen aspaldian. Surennesko Kongresuan (1974) alderdi horrek hiri horiek Marrokori lagatzeko atea ireki zuen. Atea, baina, agudo itxi zen. Espainiako 1978ko Konstituzioak, 2. artikuluan, Espainia bereizezin eta hautsezin gisa definitu zuen. Gauzak horrela, PSOEk errotik aldatu zuen bere jarrera eta “behin hau, behin hori” erraten hasi zen, Margarita Robles ministroaren azken purrustadetara iritsi arte.
Antzeko zerbait, erritmo geldoagoan, PCEn gertatu zen. Frankismoan, alderdi horrek Ceuta eta Melilla Marrokori bueltatu behar zitzaizkiola sutsuki aldarrikatu zuen. Baina, 1995ean, Melillara egindako bidaia baten ondoren, Julio Anguita pasatu zen erratera hiri horien espainiartasuna eztabaidaezina zela. Eta horrela gaur arte. Enrique Santiago gaurko idazkari nagusiak berriki tesi hori berretsi du eta Marrokok hiri horien gainean inolako eskubiderik ez duela azpimarratu.
Agerikoa da Ceutak gaur dituen arazoek batez ere zerikusia dutela hirira berriki iritsi den populazioaren oinarrizko giza eskubideen urraketarekin, bai eta Batasun Europarrak eta estatu espainiarrak mantentzen duten migrazio politika erreakzionarioarekin ere. Edonola ere, aurreko guztiarekin batera, dena blaituz, sakoneko arazo bat dago, lurralde horien nazionalitateari dagokiona. Eta horri ekiteak galdatzen du haien gaineko diskurtso espainol harroputz historikoa salatzen hastea, bai eta Espainiako lurren batasun sakrosaindua eta bere izaera bereizezin eta hautsezina ere.
Arazoa sinplea da: ireki begiak eta mapa begiratu! Zer ikusten duzu? Espainia eta Europa edo Marroko eta Afrika?

Gehiago