Bai, NATO, ongi ezagutzen zaitut

Ez, ez zintudan zure sorreran ezagutu. Ez nuen bloke kapitalista eta sozialistaren arteko gerra hotza ezagutu. Ez nuen Berlingo harresia ezagutu, ezta hau erortzean zuk izan zenuen garapena. Eta bakea ere ez dut ezagutu, ezta zu gabeko egoerarik. Ez dut erreferendumik ezagutu, eta noski, duela 30 urte ez nuen bozkatzerik izan, ezin izan nuen erabaki zure egitura militarraren parte izan nahi nuen ala ez. Ez baiezkoa, ezta ezezkoa. Ez nuen bozkatu, eta ez dut geroago izaterik izan.

Askapena

2016-ko martxoak 10

Ez, ez nuen 1986ko martxoaren 12 hartan bozkatzerik izan, baina badakit Hego Euskal Herriko
931.367 gizon-emakumek, boto emaileen %62 NATOren parte izateari ezezkoa eman ziotela.
Badakit ere zein izan zen estatuko alderdi handienen jarrera, “de entrada no” hartatik hasita baiezko
borobiletara, baina “NATOri ez, Euskal Herriari bai” ere bazegoen. Nik ez nuen ezagutzerik izan,
baina badakit garaipen hori sentimendu antiinperialista, subiranista eta elkartasunezkoari esker izan
zela, maila guztietako lan izugarriarekin uztartuta: maila sozial, politiko, sindikal zein herri
mugimenduan. Eta badakit, justiziaren aldeko borrokak memoria kolektiboaren bidez transmititzen
direlako, eta memoria daukagu.

Ez dut zure gerrarik sufritu, baina badakit erakusten duzun aurpegi humanitaristaren azpian beste
bat gordetzen duzula, badakit Jugoslavia, Irak, Afganistan eta Libia guztiz suntsituta utzi dituzula.
Eta bai, Sirian eta Ukrainan egin dituzun interbentzio erdi-ezkutuak ere ezagutzen ditut. Badakit
baita ere, inbaditzen dituzun herrien baliabide naturalak lapurtzeaz gain, zure hegemonia mundiala
kolokan jartzen duen edozein herri zein mugimendu zapaltzen duzula, bloke kapitalista, inperialista
heteropatriarkala sarraskiaren bidez defendatzen duzula.

Ez duzu nire herria bonbardatu, ez dut zuk jaurtitako bonben hotsa entzun; baina gertu sentitu ditut.
Elkartasunak munduko edozein tokitan, edozeinen aurka egindako injustizia oro modurik
sakonenean sentitzera naramalako. Gainera, badakit zure injustizien konplize izatera behartzen
nauzula, nire lurretan entrenatzen zarelako, nahiz eta duela 30 urte ezetz esan zizuten hemen.
Bardeak bezalako natur gune babestu batean jaurtitzen dituzu bonbak, gero praktikan aplikatzeko.
Militar turkiarrak entrenatzen dira hemen adibidez, gero biztanleria kurdua masakratzen duten
horiek, bere askapen nazional, sozial eta generozkoaren alde borrokatzen den biztanleria.

Hainbeste min egiten dizuten borroka horiek, eta defendatzen dituzun boteretsuei. Eta badakit
zenbaitetan “emakumeek jasaten duten zapalkuntzaz askatzeko” argudioa erabili duzula
interbentzioak egiteko, Afganistanen esaterako, baina errealitatea bestelakoa da. Zure interbentzioen
ondorioz sexu esplotazioa eta emakumeek sufritzen duten biolentzia areagotu egiten da, NATOko
kideek zuzenean parte hartu dute emakume eta neskatoen negozio eta bortxaketetan, mugetan
trafikatuz. Muga horietan, bai, non gaur bezala atzo ere milaka desplazatu eta errefuxiatu pasa izan
dira, gehien-gehienak emakumeak.

Ez, duela 30 urte ez nuen bozkatzerik izan, eta ezin dut egin. Eta badakit erreferendum hartan
hartutako erabakia ez dela izan errespetatua, eta gainera Bardeetako poligonoa inposatzen diguzue.
Badakit bloke sozialista desagertuta ere, zure etsai historikoa, zuk ez duzula amore eman; amore
ematetik urrun, munduko agenda inperialistan lehen mailako agente politiko-militar bezala kokatu
zara. Erabaki politikoak hartzen dituzula badakit, 2014ko Newporteko (Gales) goi bileran egin
zenuen bezala, potentzia berrien aurkako estrategia politiko-militarra diseinatuz. Besteak beste
gastu militarra igoarazi zenien estatuei, zabalpen azkarreko indar bat sortzea erabaki zenuen, eta
2015eko amaieran Bardeetan izan ditugun Trident Juncture maniobra erraldoiak egitea ere bai.

Ez, ez nuen 1986ko martxoaren 12 hartan bozkatzerik zian, baina nire herriak garai hartan egin
zuen bezala, nik ere, gaur, ezetz esango nizuke. Erabaki hori egi bihurtuko dugu, memoria
dugulako. Baina ez horregatik bakarrik, edozeinen aurka, edonon egiten den injustizia oro modurik
sakonenean sentitzen duen herri bat izaten jarraitzen dugulako, izan Libia, Siria, Ukraina zein
Euskal Herria. Borrokan diharduen herria gara, internazionalistak gara, eta ongi ezagutzen zaitugu.
Horregatik, gaur, ezetz esaten jarraitzen dugu.

Gehiago