Azaroaren 25, Emakumearen aurkako indarkeriaren Nazioarteko Eguna

Azaroaren 25 honetan, emakumearen aurkako indarkeriaren nazioarteko egunean, indarkeria matxista salatzeko berriro kalera aterako gara. Iruñean manifestazioa 18:00etan aterako da Gaztelu Enparantzatik eta horretaz gain beste auzo eta herrietan mobilizazioak egongo dira baita ere.

Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeon Plataforma

2023-ko azaroak 22

Azken urtean zehar, aurreko urteetan bezala, indarkeria matxistaren eragina izugarria izan da. Euskal Herrian 4 emakume eta haur bat izan dira erailak. Aski da! Haserre gaude, oso haserre eta nekatuak. Hemendik, eraildako emakume eta haurraren familia eta lagunei, gure erabateko laguntza bidaltzen diegu. Mugimendu feminista beti izango duzue zuen alde.

Urtero esaten dugun bezala, hilketa izugarri horiek indarkeria matxistaren muturreko ondorioak dira, baina badakigu indarkeria horrek aurpegi ugari dituela. Emakumeok egunero pairatzen dugu, bai espazio pribatuan, bai publikoan: lanean, kalean, eskolan, gure koadriletan…

Ezagunak dira Mugimendu Feministak, oro har, eta Plataformak, bereziki, indarkeria matxistaren inguruan egiten ari garen hausnarketak eta salaketak, baina iruditzen zaigu dena hautsita dagoela eta emakumeen aurkako indarkeria mito, aurreiritzi eta premisaz beteta dagoela, eta horiek erabat faltsuak dira. Datu objektiboak hor daude.
Behin eta berriz ikusten dugu ez komunikabideek ezta administrazio publikoek ere, ez dute indarra jartzen arazoa dagoen lekuan, inguru hurbileko indarkerian; izan ere, kasuen % 89,42k biktimarekin zuen harremana. Aitzitik, ezohikoa dena nabarmentzen da: arrotzen erasoak % 10,47 baino ez dira. . Azken batean, gure giza eskubideen aurka egiten dutenak gure hurbilekoak dira. Erasotzailea nire anaia, aita edo nire koadrilako bat izan daiteke. Gureek egiten dute, eta hori oso zaila da aitortzeko, eta are zailagoa da salatzeko. Horregatik, gizonak interpelatu nahi ditugu dagokien erantzukizuna beren gain har dezaten, eta beren praktikak aldatzeko eskatzen diegu.

Emakumeen aurkako indarkeria ez da kasualitatez gertatzen den zerbait, sistema kapitalista, heteropatriarkala eta arrazista mantentzeko ezinbesteko tresna da. Horretaz baliatzen dira desberdintasun eta zapalkuntza ugari sortzeko eta mantentzeko. Berriz ere, behin eta berriz errepikatu behar izateaz aspertuta gauden arren, dagokien erantzukizuna hartzeko eskatzen diegu erakundeei. Indarkeria matxistaren aurkako borrokak lehentasuna izan behar du agenda politikoetan, eta ez digute ezertarako balio ez argazkiek, ez analisi partzialek ezta baliabiderik gabeko proposamen edo neurriek ere. Aspertuta gaude feminismotik egiten ditugun aldarrikapen eta proposamenez beraienak egiteaz. Hitz politak jarriz desnaturalizatu eta huztu egiten dute. Azaleko proposamenak edo desenfokatuak eginez, ezertarako balio ez duten argazki instituzionalak egiten dituzte…

Bestalde, indarkeria matxistaz ari garela, une garrantzitsua iruditzen zaigu azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra aipatzeko, indarkeria, egiturazko indarkeria, lan- prekarietatea, lan-baldintza zitalak edo emakumeok egiten ditugun zaintza-lanak ez baloratzea ere badirelako.

Azkenik, aipatu dugun bezala, mobilizazio garrantzitsuak izango ditugu datozen egunetan. Azaroaren 25ean kalera irtengo gara, ozen eta argi esateko nahikoa dela! eta 30ean gauza bera egingo dugu. Euskal Herriko Mugimendu Feministak, beste behin ere, bere antolatzeko gaitasuna erakutsiko du. Argi daukagu gure tresnarik eraginkorrenak aliantzak ehuntzea eta autodefentsa feminista direla.

Gehiago