Azaroak 25

Azaroak 25 dugu berriz ere, Indarkeria Matxistaren aurkako eguna. Berriro ere diogu, izan ere, gero eta feministagoa, berdintasunaren aldekoagoa den gizarte honetan, indarkeria matxista kasuek gora baino ez dute egiten.

ITAIA Iruñerria

2022-ko azaroak 22

Emakume langilea da berriro ere jopuntu. Sistema kapitalistak beharrezkoak dituen subjektu debaluatuak debaluatu mantentzeko duen makinaria guztia jartzen du martxan, eta ideologia matxistaren baitan egikaritzen dira emakume langilea azpiratzen duten elementu eta agenteak. Lan merkatu feminizatua, emakumeon gorputzen kosifikazio eta merkantilizazioa, hipersexualizazioa, zaintza lanen ardura, indarkeria matxista… Emakumea azpiratzen duten eta erantzule argia duten biolentzia formak dira.

Egun, genero berdintasunerako inoiz baino diru partida handiena onartu duen gobernua emakume langileon miseria kudeatzera baino ezin da mugatu. Izan ere, sistema kapitalistaren instituzio diren heinean, egiturazko mugak dituzte, ez dute gaitasun eta borondate errealik emakume langilearen emantzipazio errealerako. Beraz, berdintasun errealetik urrun, sistemak berak eta bere erantzule zein figura kolaboratzaileek eragiten diguten miseria kudeatzera mugatzen dira. Horren adibide ditugu indarkeria matxista jasan/jasaten duten emakumeek horretarako zuzenduta dauden zerbitzuak (laguntza psikologikoa, etxebizitzak…) erabiltzeko eskasi eta zailtasunak. Denon ardura da zapaltzen gaituzten zeharkako edo zuzeneko agenteak (burgesia, hitz egiten uzten ez digun gizonezko kidea, erasotzen digun bikotekidea…) seinalatu eta borrokatzea.

Esan bezala, indarkeria matxistak emakume langilea subjektu debaluatu gisa betikotzen du, sistema kapitalistaren baitan oinarrizko, beharrezko funtzioa betetzen duelarik. Sistema beraren funtzionamenduaren berme diren instituzioek nekez borrokatuko dute emakume langilearen askapen prozesuan. Orain dela hilabete batzuk Itaiatik, proposamen politikoan adierazi genuen bezala, indarkeria matxistaren abolizioaren bidean langile klaseari, emakume langileoi dagokigu gure interesen alde borrokatu eta berdintasun faltsutik kanpo antolatzea, indarkeria matxista jasaten duten emakumeek behar dituzten zerbitzuak kalitatezkoak, doakoak eta unibertsalak izanen direla bermatzea. Emantzipazio erreala helburu, guri dagokigu indarkeria matxista orori aurre egiteko sozialismoa eraikitzea!

Gehiago