Aberri eguna 2018. Euskal herri langilea, gure aberri bakarra

Aurtengo Aberri Egunean, kontu bat azpimarratu nahi du HERRITAR BATASUNAk: Catalunyan egun hauetan gertatzen ari denak argiro frogatzen duela, beste behin ere, klase borroka nazio askapenaren bihotzean kokatzen dela. Klase borroka dela, hain zuzen ere, nazio askapenaren motorra. Betidanik esan izan dugun bezala, independentzia eta sozialismoa guztiz lotuta daudela.

Herritar batasuna

2018-ko martxoak 27

Izan ere, hamaikagarren aldiz ikusi dugu nazio zapalduetako burgesiek ezinezko dutela
independentzia lortzea XXI. mendeko Europa kapitalista, inperialista eta patriarkal honetan. Ezin
dute, nazio zapaldu baten independentzia eskuratzeak enfrentamendu sozial eta konfrontazio
politiko gogorrak eskatzen dituelako, eta bide horretan, klase borrokak areagotu eta gordindu
egiten dira, independentziaren aldeko borroka sistema inperialista osoaren aurkako matxinada
bilakatuz. Orduan, klase sozial bakoitzaren interesak eta jokaerak argi eta garbi agertzen dira
denon aurrean. 

Hau da, benetako independentzia nazionala, iraultza sozialista eta patriarkatuaren suntsitzea, gaur
egun, erabat lotuta daude. Iraultza sozialista da, hain zuzen ere, zinezko independentzia eta
jendarte feminista lortzeko bide bakarra. Catalunyan eta Euskal Herrian azken hamarkadetan eta
egun hauetan ere ikusten ari garenez, nazio zapalduetako burgesiak, edo guztiz autonomistak eta
kolaborazionistak dira, PNV bezala, edo independentzia lortzeak eskatzen duen borroka mailaren
aurrean izutu egiten dira eta atzera jotzen dute, JxC eta ERC bezala. Ez dira gai prozesu
independentista bururaino eramateko. Beldur dira. Herri Langileen Iraultzaren beldur, hain zuzen. 

Nazio zapalduetako burgesia txikiek, aldiz, Herri Langileak manipulatu nahi dituzte, balizko estatu
independente “duin”, “progresista”, “ongizatezko” baten alde denok batera elkarrekin borroka
gaitezen, haiek izanik beti ere prozesuaren gidari eta zuzendari. Bainan ez, inolaz ere, Iraultza
Sozialistaren alde borrokatzeko, eta are gutxiago klase, estatu eta patriarkaturik gabeko sozietate
libre baten bidean urrats iraultzaileak egiteko. Erabat logikoa, bestalde, zeren klase sozial
bakoitzak bere interesen arabera jokatzeko joera baitu, kontziente edo inkontzienteki. Eta burgesia
txikiak langileria eta burgesiaren artean kokatzen dira beti, balizko erdibide erreformista
sozialdemokratan. nahiz eta langileak engainatzeko mila mozorroz jantzi eta beren benetako
asmoak ezkutatu. 

2018ko Aberri Egun honetan HERRITAR BATASUNAk hauxe dio: Euskal Langile Klaseak bakar
bakarrik biltzen ahal ditu bere inguruan Euskal Herri Langilearen gainontzeko sektore eta
frakzioak, independentzia eta sozialismoa batera lortzeko, Euskal Iraultzaren bidez. Beste bideak,
itxuraz errazagoak eta ustez egingarriagoak, erabat ezinezkoak dira, hemen eta Catalunyan ikusten
ari garen bezala. Independentzia burgesen aroa amaitu da, independentzia sozialisten garaia hasi
behar dugu, hortik abiatzeko klase, estatu eta patriarkaturik gabeko sozietate libre baterantz. 

Honetaz guztiaz eztabaidatzeko eta hemendik aurrera egin behar duguna denon artean
erabakitzeko, HERRITAR BATASUNAk dei egiten dio militante independentista eta sozialista
iraultzaile orori datorren igandean, apirilaren 1ean, Bilbon, eguerdiko ordu batean, Bilbi plazan
eginen den batzar ireki eta ekitaldi politikora. Guk dugun aberri bakarra, Euskal Herri Langilea
delako. 

IRAULTZA DA BIDE BAKARRA! 

 GORA NAFARROAKO EUSKAL LANGILE ERREPUBLIKA SOZIALISTA!

Gehiago