Zuen lan-esku merkea abortatuko dugu

2014-ko martxoak 1

Inauterietako jaialdi ez ohikoa izango da Bilbon antolatutako nazioarteko goi bileran. Bertan oso pertsonaia ezagunak desfilatuko dute, guztiak ardi larruz jantzita eta euren hitzaldietarako, egonkortasuna, hazkundea edota ekonomia bezalako izen eufemistikoak erabiliko dituztenak. Hamaika hitz polit horiek, errealitate gordina ezkutatzen dute: gure bizitzei eta bizitzari berari, inposatzen dioten pobrezia eta prekarietatea, hain zuzen.

Baina hitzaldi guztien izenburuetan bada hitz bat sarri errepikatzen dena: jasangarritasuna. Jakin badakigu goi bilera honek ardatz izango duen jasangarritasun bakarra, sistema kapitalista patriarkalarena izango dela. Gupida gabeko sistema hiltzaile bat, aspalditik planeta osoa eta bertan bizi diren gizon-emakumeen bizitzak eta duintasuna suntsitu dituena.

Izan ere, kapitalismoak betidanik patriarkatua erabili du emakumeak menperatzeko. Patriarkatuari esker kapitalismoak bere ongarria ustiatu dezake: lan indarra. Eta Bilbon bilduko diren pertsonaia ziztrin guzti horiek, beste behin ere, emakumeek egindako lan erreproduktiboa alfonbra gorriaren azpian estaliko dute. Gorbatadun lapur hauek nahi dutena, erreprodukzio horren kostua zeroren ingurukoa izatea da, gero eta gehiago aberastu eta euren kapital zikina biderkatzen jarraitu ahal izateko.

Baina zer behar dute aipatutako helburua lortzeko? Zer behar du kapitalismoak lan-esku merkearekin elikatzen jarraitzeko? Erantzuna da esaneko emakume menderatuak behar dituela. Patriarkatuaren indarra behar dute gu etxean mantentzeko, prekarietatean biziko diren eta lan baldintza ziztrinak onartzera behartuta egongo diren umeak erditzen.

Ondo dakigu betidanik eliza eta bere inkisizio santua guztiz ados egon direla mendeetan emakumeak menderatzeko asmoarekin. Eliza eta moral katolikoa; biak oso lagungarri izan dira sistemarentzat, adituak baitira kontrol soziala ezartzeko askotariko metodoetan; bortitzenetik hasita, emakumeak sutan erretzea esaterako, leunenetara, gure gorputz eta sexualitatearen gainean lotsa eta errua izatea inposatuz, adibidez.

Eta hara non datozen NDF, Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala, hainbat enpresa transnazional eta nola ez, Espainiako Gobernua bere erregea buru. Guztiei harrera ezin hobea egingo die Begoñako Amatxuren zale dugun alkate txit agurgarriak, euren plan beldurgarria garatzen jarraitzeko, eliza katolikoak gure gorputzen inguruan erabaki duen horretan oinarrituz: “minez erdituko duzu”.

Menderatuta nahi gaituztelako, elizkoi nahi gaituzte, pobre nahi gaituzte, gose nahi gaituzte, errudun nahi gaituzte, ezjakin nahi gaituzte… Menderatuta egotea nahi dute, erditzen eta zaintzen, euren lan indarra erreproduzitzen jarrai dezagun. Horregatik ukatu nahi digute gure gorputzaren gainean erabakitzeko oinarrizko eskubidea, guztiz existitzeko oinarrizko eskubidea, gure buruaren gainean erabakitzea ahalbidetuko diguna, gure gorputzei eta gure bizitzei buruz ari direlako.

Ba beldurraren inauteriak jakin dezala, XXI. mendeko benetako sorginek, era guztietako feministek, zuen hipokresiaren monumentuaren atera oihu egitera joango garela, betiko legez, ez dugula agindua beteko eta abortatzen jarraituko dugula: Zuen lan-esku merkea abortatuko dugu!

Gehiago