“Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez!” lelopean hasiera eman zaio Emakumeen Mundu Martxak V Nazioarteko Ekintzari
Gaur, urriak 17, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak V Nazioarteko Ekintzari hasiera eman dio Irun-Hendaiako mugan. 200 emakume inguru elkartu dira eta prentsaurrekoaren ondoren salaketa ekintza kolektibo bat burutu dute Santiagoko zubian.
2020-ko urriak 17
Gaur, inoiz baino areago, kapitalaren oldarraldi autoritario eta erreakzionarioaren aurrean: Bizitzeko erresistitu, eraldatzeko martxan goaz!
Bizitzeko erresistitu; izan ere, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkalak gure bizia suntsitzen baitu gerraren, bortizkeriaren, gosearen eta errepresioaren bidez. Bizitzeko erresistitzen ari gara enpresa transnazionalek gure lana ustiatzen dutelako, gure bizi-baldintzak eta natura hondatu eta kapitalismo autoritario honen onura jasotzen dutelako.
Aurten, “Bizitzeko erresistitu, eraldatzeko martxan!” nazioarteko lemapean, mundu mailako V. Ekintza antolatu da; hainbat ekitaldirekin salatu egingo dugu transnazionalek eta mugek pertsona migranteen bizia bortxatuz zein eginkizun duten munduko sistema arrazista kolonial honetan; horrela agerian utzi nahi dugu Mendebaldeak Hegoaldeko lurralde eta pertsonei eragiten dien bortizkeria.
Irun eta Hendaia arteko mugan gaude. Muga hau nazio-estatuek inposatu digute, eta Euskal Herria zatitzen du; bide batez, “Europa Gotorlekua” indartzen du. Horregatik etorri gara, hura nabarmen uztera, muga honen inguruan gertatzen den bortizkeria salatzera. Baina beren oinarrian zer dago? Migrazio politika arrazista eta kolonialak.
Martxa honen filosofia da herrien parte hartzea bermatzea; horretarako herriz herri joango den dinamika bat antolatu dugu. Gaur, urriaren 17a, ekingo diogu Irun eta Hendaia arteko mugan, eta martxoaren 6an burutuko dugu, hementxe bertan, sinbolotzat zubiak hartuko ditugularik.
Uste dugu zubiek ez dutela izan, eta ez dutela gaur, esanahi bera migrante guztientzat, izan ere, inoiz harremanetan jartzeko izan baziren, orain harresi bihurtu baitira, pertsonen joan-etorria eragozten dutenak eta diskriminazio, zapalkuntza, bazterkeria eta heriotza eragiten dutenak.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako feminismotik pitzatu egin behar ditugu zubi-harresiok; izan ere, ekintza honetan kapitalismoa, kolonialtasuna, arrazismoa eta heteropatriarkatuaren sinbolo baitira. Horretarako proposamen bat daukagu: erabil itzazue zapiak, banako eta kolektiboaren konpromisotik abiatuta, zubi-harresietan zartadurak sortuko dituen ekintza bat burutzeko.
Hain zuzen, Euskal Herriko leloa honakoa da: “Zubi guztien gainetik, mugarik ez!
transnazionalik ez! ¡Resistimos para vivir, marchamos para transformar! No us résistons pour vivre, nous marchons pour transformer!”
Euskal Herriko mugimendu antirrazista eta feministaren kide migratu eta arrazializatuek egin duten hausnarketa oinarritzat hartuta, pentsa ezazue migrazioa ikusmolde dekolonial batetik; azter ditzagun pasabidean irekiko diren zartadura guztiak.
Transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak zalantzan jarri eta salatu behar ditugu, sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalaren tresna diren aldetik. Halaber, Europaren ongizatea zeintzu pribilegio ren gainean bermatzen den ere hausnartu behar dugu, baita logika horretan guk zer eginkizun eta ardura dugun ere: Zer egingo zenuke zure herria atzerriko enpresek inbadituko balute, urak kontaminatu, basoak soildu, aktibistak jazarri eta hilgo balituzte ? Zer deritzozu mugak blindatzeko baliatzen diren milioiez? Zer nolako baldintzatan dihardute migranteek euskal etxeetan?
Herrietan zapiak eta zubiak erabiliko ditugu proposamenak eta ekintzak josi eta hartara sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalean pitzadurak eragiteko.