Zizurren bideobigilantzia masiboa ezartzearen inguruko eztabaida irekitzearen aldeko ekimena jarri dute martxan

Zizurko Udalak herrian 65 bideo-segurtasun kamera jartzea erabaki du, herritar askoren kontrako iritziaren gainetik eta eztabaida soziala bultzatu gabe. Bizi Zizur ekimenak eztabaida hori eskatzen du eta herritarrei galdeketa baten bidez euren iritzia emateko aukera ematea exijitzen du.

2021-ko azaroak 24

Geroa Baik, Navarra Sumaren eta PSNren babesarekin, Zizurren 65 bideo-segurtasun kamera jartzea erabaki zuenetik, herritarren artean mugimenduak areagotu dira. Martxan jarri duten Bizi Zizur ekimenetik “eztabaida publikoa, beharrezkoa eta legitimoa” ireki nahi dute. Horregatik, auzotarren eta herri-mugimendua osatzen duten elkarteen eta kolektiboen laguntzarekin, lanean hasi dira.

“Ez dugu beldurraren diskurtsoan sinisten. Uda honetan gertatutako gertaera puntualak alarma soziala sortzeko eta kontrol sozialeko sistema bat ezartzeko erabiltzen ari dira. Gure ustez, gizartea eraikitzeko oinarria elkarrekiko konfiantza, elkartasuna eta aniztasuna errespetatuko dituen bizikidetza-oinarri komunak definitzea izan behar da”, aipatzen dute.

Udalaren “gardentasun falta” publikoki salatu nahi izan dute. “Zizurko herritarrok ez dakigu zer dagoen proiektu horren atzean eta horrek asko kezkatzen gaitu”, gehitzen dute. Bideo-zaintzako 65 kamera horiek non jarriko diren ere ez dakite, edota zer kamera mota diren. Bestetik, salatzen dute auzokoen, emakumeen edo merkatarien iritzia kontuan hartu gabe egin dela aurrera proiektu honekin.

150.000 euroko aurrekontua, gutxienez

Hasierako aurrekontua 150.000 eurokoa da. Baina oraindik ez da ezaguna zein izanen den instalazioak eragingo duen benetako gastua, edo mantentzeak ekarriko duen kostua. “Kopuru handi bat dela uste dugu, udalerri honetako herritarrentzat onuragarriak diren gizarte-proiektuetara bidera daitekeena, gizartearen eskariei erantzuten ez dion proiektu polemiko batean gastatu beharrean”.

Herritarren parte hartzea bultzatzeko ekimen honen iritziz, egoera honetatik “Zizur kritiko, bizi eta seguru bat sortzeko” aukera dago. Eta herritarren iritzia ezagutzeko herri kontsulta bat eskatzen dute.

Gehiago