Zizurko Udalak Talluntze Parkean egin nahi duen aparkalekuaren aurkako mugimendu herritarra sortu da

Zizur Berdeak deituta, atzo ostirala arratsaldean elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek Zizurko Udalak Talluntze Parkean aparkaleku berriak egiteko onartu duen proiektuaren aurka. Mugikortasun-modu jasangarriagoak eta osasungarriagoak aldarrikatu zituzten. Gaur arte, mota askotako 12 kolektibo eta elkartek bat egin dute aldarrikapen honekin, eta manifestu bat kaleratu dute.

2022-ko ekainak 18

Behean sinatzen dugun elkarte eta kolektibook klima-aldaketa geldiarazteko neurriak ezartzeko premia aldarrikatzen dugu, eta, beraz, gure herriaren bizigarritasuna erdigunean jarriko duen mugikortasun-eredu bat defendatzen dugu.

Egun Zizurren nagusi den mugikortasuna ibilgailu pribatu motordunean oinarritzen da, neurri handi batean berotegi-efektuko gasak atmosferara isurtzearen arduraduna. Horiek, halaber, udalerrian kutsadura akustikoaren zati handi baten eragileak ere badira. Osasun publikoan eragiten dituen ondorio suntsitzaileez ez hitz egiteagatik.
Aurrerapen txikiak izan diren arren, automobilera bideratutako azpiegitura handiak egun nagusi dira gure hiri-paisaian. Zizurko Udalak Talluntze parkean 100 aparkaleku eraikitzeko duen asmoa horren azken adierazlea da.

Azken batean, ingurumen-estrategia argi eta sendoa diseinatzea proposatzen da, auto pribatuaren erabilera geldiarazteko eta mugikortasun aktiboa sustatzeko, joan- etorri eraginkorrak eta seguruak egin ahal izateko. Badakigu egun dagoen azpiegitura, batez ere autoentzat diseinatua, garraiobide jasangarri eta osasungarriagoetarako pentsatuta dagoen beste batean bihurtzeak paradigma aldatzea dakarrela, erronka eta errezelo politikoak, ekonomikoak eta sozialak alde batera utzi gabe. Horri gehitu behar zaio herritarren sentsibilizazioan egin behar den lan neketsua, auzokideengan oso errotuta dauden pertzepzio, jarrera eta portaeretan eragiteko.

Horregatik guztiagatik, behean sinatzen dugunok honako hau adierazten dugu:
– Bai, oinez egiten diren joan-etorriei, kutsatzen ez duten ibilgailuei (bizikleta, MPI eta garraio publikoa). Ez, auto pribatuaren erabilera handiagoa sustatzen duten azpiegitura gehiagori.

– Bai, ingurumena errespetatzen duen espazio publikoaren erabilerari. Berdeguneak eta zuhaitzak galtzeari ez.

– Bai, mugikortasun iraunkorraren printzipio gidariekin bat datorren eta herritarren parte-hartzean oinarritzen den plan xehatu bati. Ez, auzotarron iritzia alde batera uzten duten proiektuei.

Hona hemen orain arte atxikitako elkarte eta kolektiboak:
Bizi_zizur, Marikaroa, Zizurko Joaldunak, Saski Betea, Ilunabarra Txistulari Taldea, Zizurko Emakume Libreak, Greenpeace Nafarroa, Energia Gara Elkartea, Kar kar Car, Fridays for future Iruña, Accion Clima eta Mugarik Gabeko Ingeniaritza.

Eskertzen dizuegu manifestua babestu izana, eta gainerako kolektibo eta elkartei dei egiten diegu manifestuarekin bat egin dezaten.

Gehiago