Ziklo mobilizatzaile baten ostean, 0-3 zikloa erabat dohainik izanen da datorren ikasturtean haur eskola publikoetan

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak iragarri duenez, 2024-2025 ikasturtean 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehen zikloa doakoa izango da Nafarroako haur-eskoletan izena emandako seme-alabak dituzten familia guztientzat. Neurria, bai Foru Gobernuak zuzenean kudeatzen dituen eskoletan, baita udalen menpe dauden haur-eskoletan ere aplikatuko da.

2024-ko urtarrilak 9

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak sinatutako 2023-2027ko Gobernu Aurrerakoi eta Anitzerako Akordio Programatikoan jasota dagoen 0-3 etapa honen erabateko doakotasunaren helburu estrategikoa lortzea da neurri honen helburua.

Gimeno kontseilariak gaur goizean prentsaurrekoan azaldu duenez, haur-eskola publikoen sarearen doakotasuna orain arte ordaindu behar zituzten errenta altuagoko lau tarteetara zabaltzeak 3,8 milioi euro inguruko kostua izango du eta gutxienez 3.300 familia berriri egingo die mesede. Gainerako sei errenta-tarteak doakoak ziren aurreko legegintzalditik.

0-3, etapa erabat hezitzailea

Familia guztientzako doakotasuna Hezkuntza Departamentuaren beste urrats bat da 0-3 zikloa erabat hezkuntza-etapa bihurtzearen barruan, LOMLOE Hezkuntzaren Lege Organikotik eratorritako filosofiarekin bat etorriz.

Hezkuntza Departamentuak ikasleen onarpenari buruzko foru aginduaren proiektua egin du, Gobernu Irekiaren atarian argitaratua dago ekarpenak jasotzeko aukerarekin. Bertan, 0-3 ziklorako onarpena eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailara sartzeko 3 urteko ikasleen eskolatzea arautzen duen onarpen prozesua parekatzen dira. Ekimenak orain arte ezarritako puntuazio-irizpideak aldatzea dakar. Irizpide horiek honako alderdi hauek lehenetsiko dituzte, besteak beste: ikastetxean anai-arrebak egotea, etxetik edo lantokitik hurbil egotea, familia-unitatearen per capita errenta eta desgaitasuna duten ikasleak. Aldaketa horren bidez, prozedura LOMLOEn ezarritako jarraibideetara egokitzea lortzen da.

Gehiago