Zaintza sektoreko baldintzak duintzeko premia azpimarratu eta langile horien kontura negozioa egiten duen patronala interpelatu du LABek

Sindikatuak deituta, Nafarroako CENen eta EAEko Confebasken aurrean elkarretaratze bana egin dute sindikatuko kideek, “Zaintzaren negozioa ere indarkeria matxista da” lelopean

2023-ko azaroak 22

Indarkeria matxistaren aurkako egunaren (azaroak 25) zein Greba Feminista Orokorraren (azaroak 30) bezperatan gauden honetan, LAB sindikatuak mobilizazio bana egin du Iruñean eta Bilbon, patronala zaintzaren negozioarekin aberasten dela eta, horrenbestez, indarkeria ekonomikoa sustatu eta erreproduzitzen duela salatzeko. Horren aurrean, langile guztien bizi-baldintzak hobetu eta zaintza eskubide unibertsala bermatuko duen sistema publiko komunitarioa izan dute aldarri CENen eta Confebasken egoitzen aurrean bildutakoek.

Iruñeko elkarretaratzea egin bitartean, LABeko hainbat kidek gurpil aulkiak eraman dituzte enpresaburuen atariraino, eskuetan kartelak zituzten adineko pertsonak aulkietan eserita zeudela, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzeko eta zaintza lanen inguruko Nafarroako hitzarmenak desblokea ditzaten eskatzeko. Aldarrikapenari kolorea emateko ke morezko bi poto ere piztu dituzte. Eta horren kontura, nabarmen urduri zegoen eta gala uniformea zeraman Espainiako Poliziako buru bat LABeko bozeramaileari oldartu zaio eta sindikatuari salaketa jarriko ziola adierazi du “elkarretaratzea bitartean segurtasuna ez bermatzeagatik” [sic].

Poliziekin izandako anekdota alde batera utzita, LABeko bozeramaileek gogorarazi dute egun zaintza zerbitzu gehienak pribatizatuta eta enpresa gutxi batzuen esku daudela, eta horiek, gainera, diru publikoa jasotzen dutela. Hala, administrazioaren babesa daukate langileen, erabiltzaileen nahiz familien kontura aberasten jarraitzeko. Izan ere, gure instituzioak gobernatzen dituzten alderdi politikoek alfonbra gorria jarri diote zaintza zerbitzuen pribatizazioari.

Bada, pribatizazioak dakartzan ondorioak aski ezagunak dira: soldata urriegiak, lanaldi luzeak, ratioak kontuan ez hartzea, lan hitzarmenak urte luzez blokeatuta izatea, erabiltzaileei zaintza duina ukatzea… Hori guztia ere, LABek nabarmendu duenez, indarkeria matxista da. Adibidez, adinekoen egoitzak kudeatzen dituen DomusVi enpresak 1.400 milioi euro inguruko irabaziak dituen bitartean, Arabako zein Nafarroako zahar egoitzetako langileak hitzarmenik gabe daude, eta urtean 1.792 lan-ordu egitearen truke 1.000 euroko soldata jasotzen dute.

Izan ere, zaintza lanetara emanda dauden enplegu eta lan guztiak prekarioak dira, eta gogoan izan behar da Hego Euskal Herrian 164.000 emakumek doan egiten dituztela lanok. Dena den, patronalaren negozioa zaintza sektoretik harago doa, besteak beste, emakumeek* zaintzarako hartzen dituzten lanaldi murrizketekin edota kontziliazio neurriekin ere aberasten baita.

Horren guztiaren aurrean, zaintzarako eskubide kolektiboa bermatu behar da LABen ustez, eta horretarako zaintza sistema publiko komunitarioa eskatzen du sindikatuak. Bestalde, enpleguaren berrantolaketa osoa aldarrikatzen du, eta horretarako lanaldia murriztea beharrezkoa da. LABek 30 orduko lan-astea du jomugan, elkar zaintzeko denbora gehiago izateko eta gizonek zaintzarekiko dagokien ardura har dezaten.

Hala, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrerako deia berretsi du LABek. Hain zuzen ere, Iruñeko ekimenean A 30 Greba Feminista Orokorra mezua idatzita zeramaten gurpil-aulkiak eraman dituzte patronalaren atariraino.

Gehiago