“Ekosistemak babestu, makroproiektu kapistalistei ez” lelopean moztu dute errepidea Genevillan Labrazako parke eolikoaren obrak salatzeko
Bi ekologista porlanezko bidoi batera kateatu dira eta Genevilla herriko (Lizarrako merindadea, Nafarroa) errepidea moztu dute ia lau orduz. Hala makrozentral eolikora bidean zen kamioia gelditu eta obra goiz osoan oztopatu dute.
2026-ko abuztuak 18
Iturria: Argia.eus
“Ekosistemak babestu, makroproiektu kapistalistei ez” lelopean, hainbat pertsonak Genevillako (Lizarrako merindadea, Nafarroa) errepidea moztu zuten atzo goizean, Labrazan (Araba) eraikitzen ari diren makrozentral eolikoaren obrak geldiarazteko. Ekintzaileek ARGIAra bidali duten oharraren arabera, bi pertsona porlanezko bidoi batera kateatu ziren, zentral eolikorentzat aspa bat garraiatzen ari zen kamioiari bidea oztopatuta, eta beste hainbatek aldarri ekologista ezberdinetako banderak zituzten. Nafarroako Foruzaingoa ekintzaren lekura bertaratu zen eta ekintzan parte hartzen ari ziren batzuk identifikatu zituzten.
Aixeindar enpresa zortzi errotako makroproiektu eolikoa ari da eraikitzen Labrazan. Uztailaren amaieran hasi ziren eraikitzen zentrala, eta urtea amaitu baino lehen martxan egongo dela aurreikusten da. Lurraren aldeko mugimendu ekologistek hainbatetan salatu izan dute horrelako proiektu batek arriskuan jarriko dituela Arabako eta Nafarroako lurrak.

Atzo goizean errepidea moztu zuten ekintzaileek salatu dute makrozentralak, ingurune aberatsak suntsitzeaz gain, “inposaketa ankerra” suposatzen duela Labrazko herritarrentzat: “Proiektu hauek ez dira herritarron beharrak asetzeko pentsatu, ezta energia trantsizio ekologiko bat egiteko ere. Hazkuntza eta depredazio mugagabean oinarritzen den sistema honen jarraipena bermatu eta gutxi batzuen kapitala metatzen jarraitzeko egiten dira”.
Adierazi dute horrelako makroproiektuek herritarrei “bizitzarekiko eta inguruarekiko harremanaz erabakitzeko eskubidea” lapurtzen dietela, eta aldarrikatu dute ordua dela “ondasun komunaren pribatizazioari eta lurren desjabetzeari” aurre egiteko. Azpimarratu dute lurra zaintzeko erantzun kolektiboaren beharra dagoela, “denon parte hartzearekin, gutxi batzuek dena suntsi ez dezaten”. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiete bertaratu diren ekintzaile guztiei eta eskainitako babesari.
