Xareta, Bertizarana, Maldaerreka, Bortziriak eta Baztango feministak martxoak 8ko grebarekin bat egiteko deia egin dute
Xareta, Bertizarana, Maldaerreka, Bortziriak eta Baztango emakume feministek bat egin dute martxoaren 8an eginen den greba feministarekin eta hainbat deialdi egin dituzte.
2019-ko otsailak 17
Pasa den urteko mobilizazioa gogoratuz eta egun historikoa izan zela azpimarratuz, eguneroko borrokarekin jarraitzeko eta aurten ere martxoaren 8an kaleak betetzeko konpromezua hartu dute Xareta, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana eta Baztango eskualdeetako emakume feministek.
“Martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta karrikak hartuko ditugu berriro ere. Greba feministarekin, hetero-patriarkatu-kapitalistari planto eginen diogu! Bizitzaren eremu guztietan eginen dugu greba, ordaindutako lanetatik doan egiten ditugun lanetaraino; greba sexualitatean, gure kontsumo ereduan, familia eraikitzeko ereduan, jakintzak eraikitzeko ereduan; arrazakeriaren aitzinean, edertasun ereduaren aitzinean eta zapalkuntza guztien aitzinean”, esan zuten atzo Elizondon emandako prentsaurrekoan.
“Patriarkatuak alboratzen gaituenok erdigunea hartuko dugu, transon, bolleron eta emakumeon bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako. Horregatik, bortz ardatzetan antolatu dugu greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista izanen da”.
“Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu. Horretarako, zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu, politika publikoen zeharkako ardatza izan dadila, pertsonen zaintza ez dadila zapaldutakoon eskubideen bizkar geratu. Finean, paktu sozial berri bat eskatzen dugu. Bide horretan, parekidetasuna bermatzeko politikak eta berdintasun formalaren garapena ezinbertzean lotu behar ditugu sakoneko eraldaketa prozesu batekin”, gehitu zuten.
Lehengo urtean bezala, greba egiteko eta grebaren parte izateko hainbat modu egongo direla gogoratu zuten: Lantoki eta ikasgeletan greba egitea, mobilizazioetan parte hartzea, zaintzeari uztea, amantala balkoian zintzilikatzea…
Era berean, martxoaren 8an ez kontsumitzeko deia egin zuten. “Hiriak, herriak eta auzoak geldiarazi nahi ditugu, eta argi utzi emakumeak* gelditzen bagara, mundua gelditzen dela”.
Xareta, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana eta Baztango eskualdeetako emakumeek martxoaren 8rako elkarlanean landu duten egitarauan ekitaldi eta mobilizazio ezberdinak aurkitzen ditugu. Horrela, greba egunean goizean zehar herri bakoitzak bere ekitaldiak eginen ditu eta eguerdiko 12etan herri bakoitzean Emakatea izanen da. Ondotik, bazkari autogestionatuak izanen dira. Arratsaldeko 5tan Elizondoko plazan elkartuko dira eta 19tan manifestazioa eginen dute.