Victor Rubio (LAB Suhiltzaileak): “Nafarroak badu suhiltzaile zerbitzu on bat, baina bururik gabekoa”
Zarrakazteluko suteak berriz ere agerian utzi ditu suhiltzaileen baldintzak. "Berdin zaigu larrialdi maila zeroan edo lauean egotea, gu beti gaude minimoetan" salatu du Euskalerria Irratian Victor Rubio suhiltzaileak, "Zarrakazteluko sutea piztu zenean, erantzun azkarreko basozainen lantaldearen erdia zegoen soilik lanean".
2022-ko uztailak 27
Suteak piztu eta berehala ematen dute erantzuna helikopteroz eramaten diren basozainen brigadek. Beraiek ekiditen dute sute bat sobera hedatzea eta benetazko arazo bihurtzea. “Zarrakazteluko sutea piztu zenean soilik 5 basozain ziren aktibatuta bi helikpteroetan eramateko, behar zenaren erdia” azaldu du Euskalerria Irratian LAB sindikatuko Victor Rubio suhiltzaileak. “Antolaketa arazo handia dugu Nafarroan” gaineratu du Rubiok, “Zerbitzua ona da baina ez dago bururik. Aginte talderik ez dago, prozedurak zaharkituta daude, suhiltzaileak falta dira eta antolaketan hutsune gehiegi dago. Ezin da uda partean minimoetan lan egin”. Nafarroako Gobernuak egindako iragarpenekin ez da fido suhiltzailea. “Hitz eder asko eta proposamen aunitz, Javier Remirez bera LABeko kidea zela ematen zuen pasa den hilabetean egindako agerraldian, baina orduz geroztik aurrerapausorik ez”.
Beroaldiak maizago errepikatuko dira eta suteak geroz eta handiagoak izanen dira. “Ikuspegi osoa aldatu behar dugu, egungo sute planak dagoeneko 30 urte dituelako” azaldu du Victor Rubiok, “Gizarte osoak aldatu behar du jokamoldea, mendiaren erabilpenean, landa eremuko egoeraz, neguan egin beharreko lanetaz…”.