Txantreako gazteriak bizi duen kriminalizazioa salatzeko elkarretaratze jendetsu egin zuen pasa den ostiralean

Pasa den ostiralean Iruñeko Txantrea auzoan gazte kriminalizazioaren aurkako Aski Da! taldeak elkarretaratze jendetsua egin zuen azkenaldi honetan gazteriak bizi duen jazarpen poliziala salatzeko eta komunikabideen papera eta auzokide batzuen jarrera gaitzesteko.

2021-ko martxoak 9

Aski da poliziaren presentzia itogarriaz gure auzoan! Aspalditik, aurretik salatu den bezala, indarkeria eta errepresio polizial etengabea jasaten ari gara gazteok bereziki, eta auzoa, oro har. Polizia Auzotegin sartu izana, Maria Auxiliadoran mehatxuak eta larderietatik pasata, Felix plazako gertaeretaraino, kasu batzuk aipatzearren. Kasu horiez gain, orain, azken hiru asteetan gertatutakoa gehitu behar da: lehenik, maiatzaren 1eko plazako identifikazio masiboa eta haren ondorengo istiluak; hurrengo astean, polizia nazionalak auzoa inbaditu izana, duela bi larunbat, auzoko gazteak arrazoi gabe identifikatu eta porreatu izana, eta aste honetan auzoko 3 gazteen atxiloketa Pablo Haselen manifestazioaren harira, gure elkartasun eta babes osoa gazte hauei.

Ez dira gertaera isolatuak, biolentzia estruktural bat da, non gazteok etengabeko kriminalizazioa jasaten dugun erakundeen eta gizartearen aldetik, otzan eta diziplinatuta mantentzen saiatzeko. Zeregin horretan, komunikabide jeneralistak nabarmendu behar dira, gertatutakoa desitxuratzen baitute. Eta horrela, gazteen iritzi interesatua bizilagunengan sortzeaz gain, poliziaren jarduera defendaezinak justifikatu eta normalizatzen dituzte.

Horretaz guztiaz gain, orain auzoko bizilagun batzuen jarrerak ere jasan behar ditugu, jarduera zehatz eta isolatu batzuengatik. Ekintza horiek giroa are gehiago mintzea eta tentsionatzea baino ez dute lortzen, auzoko gazteen aurkako errepresioaren justifikazio handiagoa sustatzeaz gain, prentsari eta poliziari lana erraztuz. Bandalotzat jotzen gaituzte pedagogia erabiltzeaz hitz egiten diguten bitartean. Pedagogia ez da aurrera eramaten prentsari lan zikina eginez, ezta zure auzoko gazteria kriminalizatzen lagunduz ere. Pedagogia guztion arteko ulermenerako beharrezko baliabideak sortzetik hasten da, auzo solidario, kohesionatu eta autoantolatu baten bidez; bere gazteak otsoaren ahora botaz edota bandalotzat joz. Argi daukaguna da ez dugula onartuko gazteriaren kriminalizaoa, ez prentsaren eta erakundeen aldetik, ez auzokideen aldetik.

Bitartean, babesgabetasunaren, prekarizazioaren eta etorkizun faltaren aurrean, ez diegu uko egingo auzoko kale eta enparantzei. Horietan sozializatzen eta antolatzen jarraituko dugu.

Kriminalizazioaren aurrean, antolakuntza eta autodefentsa!

Gehiago