Txantrea auzoko Ezkabako bizilagunek mobilizatu dira 190 etxebizitza babestuen deskalifikazioaren aurka

Txantrea auzoko bizilagunek, LABek lagunduta, salatu dute 2027. urtean Babes Ofizialeko 190 etxebizitza deskalifikatuko dituztela.

2026-ko apirilak 29

Honek, adierazi dute, merkatu pribatuan sartzea ekarriko du, “etxebizitza eskubidearen aurkako mehatxu zuzena” dena. Gaur elkarretaratzea egin dute Diputazioaren aurrean eta Begoña Alfaro Etxebizitza Kontseilariarekin premiazko bilera eskatu dute.

Mobilizazioan, kaltetutako bi bizilagunek komunikatu bat irakurri dute auzotar guztien izenean, eta bertan azpimarratu dute ez daudela “arazo indibidual baten aurrean, erantzun estrukturalak eskatzen dituen lehen mailako gatazka sozial baten aurrean baizik”. Azaldu dutenez, etxebizitza horien izaera babestua galtzeak atea irekiko lieke alokairuen neurriz kanpoko igoerei, kontratu ezegonkortasunari eta gaur egun bertan bizi diren familiak kanporatzeari.

Komunikatuan, auzokideek salatu dute etxebizitza ezin dela “etekin ekonomikoaren logikari bakarrik lotutako merkatu-ondasun gisa tratatu”, eta gogorarazi dute erakunde publikoek, UPNren eta PSNren gobernupean, hainbat hamarkadatan baliabide publikoak —lurzorua, diru-laguntzak, zerga-onurak— bideratu dituztela, “azkenean, interes partikular eta espekulatiboetarako” erabili direnak. Kritikatu dute eredu horren ondorioz, Nafarroan milaka etxebizitzaren izaera soziala pixkanaka galtzen eta parke publikoa murrizten joan direla.

Ezkabaren kasuan zehazki, 190 etxebizitza horiek deskalifikatzeak bizitegi-egonkortasunari mehatxu zuzena dakarkiola ohartarazi dute. “Etxebizitza horien izaera babestua galtzeak, praktikan, gure etxeetan bizitzen jarraitzeko ezintasuna ekarriko luke”, adierazi dute, eta, aldi berean, gogorarazi dute familia asko laguntza publikoen mende daudela eta beren diru-sarrerekin ezin dutela merkatu libreko etxebizitza bat lortu eta mantentendu, “gero eta garestiagoak eta errealitate sozialetik urrunagoak” diren prezioak kontuan izanda.

Auzokideek nabarmendu dute ere etxebizitza politika publikoen egiturazko kontraesana deritzotena. Izan ere, “etzebizitza eskubidea oinarrizko eskubidetzat onartzen den bitartean, erabilitako tresnek hura ahultzen lagundu dute”. Parke publiko sendo, iraunkor eta desmerkantilizatu baten falta salatzen dute, biztanleriaren geruza zabalak etengabeko ahultasun egoeran uzten dituenak.

Egoera honen aurrean, Ezkabako bizilagunek kolektiboki antolatzea erabaki dute. LAB ekintza sindikala dinamizatzen ari da haiekin eta aldarrikatzen du baliabide publikoekin eraikitako etxebizitzek merkatu espekulatibotik kanpo modu mugagabean iraun behar dutela eta alokairu sozialeko parke publiko egonkorra bihurtu.

Horregatik, “berehalako neurri ausartak” exijitzen dizkiote Nafarroako Gobernuari, besteak beste, etxebizitza horien deskalifikazioa galaraztea, etxebizitza parke publikoa indartzea, alokairu kontratu mugagabeak bermatzea eta prezioak arautzea, biztanleriaren errealitate ekonomikora egokitzeko. Horrekin batera, euren etxeak eta auzoan egoteko duten eskubidea defendatzeko mobilizazio dinamika iraunkor baten hasiera iragarri dute, mezu argi batekin amaituz: “Ezkaba defendatzea guztointzako etxebizitza eskubidea defendatzea da”.

Gehiago