Tripontzia komiki digital berriaren sustapenarekin, 94.000 euroko zozketa abiatu du Gure Eskuk

Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal Txakur Gorria sortzaileen kolektiboko kideek idatzitako zazpi istoriok osatzen dute “Tripontzia: burujabetzara bidean” istorio sorta digitala eta Unai Gaztelumendi diseinatzaile eta ilustratzaileak egin ditu marrazkiak. Istorio bakoitzak protagonista bat du ardatz eta erabaki txiki batek lotzen du burujabetzaren aspekturik egunerokoenarekin. Guztiaren testigu da sortu berri den pertsonaia: hontza.

2019-ko irailak 26

Donostian aurkeztu dute Tripontzia Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileak, eta produktua ondu duten hiru artistek. Datozen egunetan jarriko da abian salmenta.

Honela, ‘Erabaki txiki batekin hasten da dena’ kanpaina abiatu du Gure Eskuk: “Burujabetzaren norabidea eguneroko erabaki txikietan hartzen dugula irudikatu nahi du lanak; eta, beraz, burujabetzaren bidean aurrera egiteko, pausorik txikiena ere beharrezkoa dela”, adierazi du Alvarezek. Honela, komiki digitalaren sustapenarekin batera, 94.000 euro zozketatuko ditu guztira, komiki digitalerako kodea erosiko duten guztien artean.

Txartelen aurreko aldean kokatzen da komiki digitala eskuratzeko kodea; eta, aldiz, atzealdean zozketan parte hartzeko zenbakia eta seriea.

Zenbaki eta serie irabazleak 60.000 euro jasoko ditu eta zenbaki bereko gainerako serieek 2.000na euro. Bigarren zenbaki irabazleko zortzi serieetako bakoitzak 1.500€ jasoko ditu, eta hirugarren zenbaki sarituko serie bakoitzak 1.000€.

Txartel horiek herrietako saltokietan eta tabernetan eskuratu ahalko dira, datozen egunetatik aurrera, eta baita Gure Eskuren kidegoaren eskutik ere.

Zozketa urtarrilaren 20an egingo da Beasaingo notariotzan, saldutako txartelen artean, ausazko informatika programa batekin; eta Gure Eskuk egunean bertan iragarriko ditu zenbaki irabazleak gureesku.eus eta tripontzia.eus webguneen bidez; baita bere sare sozialetan ere.

Gehiago