Espainolismoa salatzeko eta Euskal Selekzioaren aldeko mobilizazioa Iruñean, Mundialaren Finalaren aurretik
Hego Euskal Herriko hiriburuetan eragile ezberdinek deitutako mobilizazio jendetsuak izan ziren igande arratsaldean. Iruñekoa Espainiako Poliziaren begiradapean igaro zen Alde Zaharreko kaleetatik. Berriozarko taberna batean izandako erasoa bertan partidua ikusten ari ziren "nazi" batzuen aurkako ekintza izan zela publiko egin dute.
2026-ko uztailak 20
Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean mobilizazioak izan ziren atzo Euskal Selekzioa aldarrikatuz. Mundialak iraun bitartean askotariko protesta ekintza eta mobilizazioak izan dira aldarrikapen honekin, eta Espainiako Selekzioarekin hedatu den “espainolismoa” salatu egin dute. “Nazio asimilazioaz” hitz egin dute eta euskal selekzioen alde egitearen beharra aldarrikatu dute mobilizazio hauetan.
“Euskal Herriaren biziraupena bermatzeko, selekzio propioaren ofizialtasuna beharrezkoa da. Epaile batek partiduaren bukaera txistua eman arren, Euskal Herrian partidua ez da bukatzen, eta selekzio propioaren alde lanean jarraitzeko beharra dago”.
Berriozarren, naziak partidua ikusten
Berriozarko taberna bateko terrazan partidua ikusten ari zen Espainiako Selekzioaren aldeko jarraitzaile batzuen kontrako erasoa “eskuin muturreko elementuen” kontrako ekintza bat izan zela argitu dute. Horietako batek Nucleo Nacional alderdi faxistaren elastiko bat zeraman. Iturri ofizialek zabaldu dutenez, zauritutakoak Espainiako Armadako kideak dira, ondoko Aizoango koarteleko soldaduak, hain zuzen ere.
