Tren Publikoaren alde eta AHTren aurkako martxa larunbata honetan Sakanan

Sakana Trenaren Alde plataformak Tren Publikoa eta Sozialaren alde eta Abiadura Handiko Trenaren aurka egiteko Lakuntza eta Altsasu arteko martxa bat deitu du larunbata honetarako.

2018-ko maiatzak 8

Datorren larunbat honetan Lakuntza eta Altsasu bitarteko oinezko ibilaldia eginen dute, tarteko herri guztietatik pasatuz. Martxa Lakuntzako plazatik aterako da goizeko 9etan, eta Altsasuko Foruen Plazan bukatuko da, eguerdiko 13:00etan inguru.

Urtarrilean aurkeztu zuten plataforma hau eta Sakanako 14 herritan hitzaldiak egin ostean eta AHT proiektuari egindako 2.852 alegazio Gobernuaren Ordezkaritzan aurkeztu ta gero, kalera irtetzeko ordua heldu dela deliberatu dute. Gainera, trenaren alde eta AHTren aurkako mozioak Sakanako herri gehienetan onartu dira.

“Irmotasunez esaten ahal dugu Sakanako biztanleria ibarreko AHTren aurka dagoela, eta beste garraio eredu baten alde egiten du”, esan dute gaur Uharte Arakilen egindako agerraldian. “Trena da garraiobiderik jasangarriena. Hala ere, Espainiako Estatuak hiltzen utzi du, mantentze lanik eta garapen egokirako planik gabe, probintzia guztietako AHTren zabalkundean egiten ari den inbertsio handiak hurrupaturik. Horrela, lurraldea kohesionatzeko gaitasuna duen tren bakarra galtzen ari gara. Azken urteotan, Sakanan Lakuntza eta Bakaikuko geltokiak kendu dira, eta horiei aurretik itxitako Ziordi, Olazti eta Hiriberri gehituta ezinezko bihurtzen dute Sakanako eskualdean etorkizuneko garraiobidea trena izan dadin”, salatu dute.

Datozen hilabeteetan beste ekimen batzuk jarriko dituzte martxan. Maiatzaren 26an, larunbatearekin, trena sozialaren aldeko eta AHTren aurkako mugimendu eta plataformek trenaren aldeko hainbat ekintzak eginen dituzte Nafarroako tren geraleku eta geltokietan. Azkenik, uztailaren azken aldera txirringa martxa eginen da Nafarroan AHTk duen ibilbide osoan.

“AHT eraikitzeak gaur egun ibilbide luzerako dugun zerbitzu bakarretakoaren galera ekarriko”, duela ziurtatu dute, Alviek Altsasun gelditzen segitzen dute herritarren kexei esker. Eta badirudi gobernuek erabaki dutela Sakana korridore hutsa izan dadila, zeinetatik pasatuko diren “proiektu ez-iraunkor, kutsagarri eta xahutzaile guztiak”, Abiadura Handiko Trena eta Muruarte eta Itsaso artean goi-tentsioko proiektuari erreferentzia eginez.

Gehiago