Topaguneak Laburbiraren XI. edizioa martxan jarriko du astebukaera honetan
Euskaltzaleen Topaguneak 2013. urtean euskaraz sortutako 7 film labur zabalduko ditu martxoaren 14tik apirilaren 12ra Laburbira zirkuitoan.
2014-ko martxoak 13
Ostiral honetan abiatuko da Laburbira Atarrabian zein Sondikan, eta nagusiki Hego Euskal Herrian 30 emanaldi burutu ostean apirilaren 12an Berriozarren eta Pariseko Euskal Etxean burutuko dituzten emanaldiekin bukatuko da.
Ekimen honen bitartez Topaguneak euskal sortzaileek egiten duten ikus-entzunezkoen ekoizpena Euskal Herrian bertan ezagutarazi nahi du. Horretarako, film labur hauek herrietako aretoetara gerturatzen ditu, bestela ikusteko zail izaten diren formatu txikiko lanak emanaldi batean batuz. Izan ere, aurtengo zirkuituan eskainitako lanetako batzuk nazioarteko jaialdietan sarituak izan badira ere, gutxi ezagutzen dira Euskal Herrian bertan.
Hauek dira proiektatuko diren film laburrak:
- Abuztua (Pello Gutierrez)
- Aio (Asier Sustaeta)
- Euskaldun berriaren esketxa (Kepa Errasti)
- Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa (Aitor Gametxo, Maider Fernandez, Maria Elorza)
- Marylin (Iñaki Beraetxe)
- Plaza bakarra (Mediaworks 3.0)
- Sormenaren bide ezkutuak (Lara Izagirre)
Urtero modura, sortzaile eta ikusleen arteko harremana lantzeko filmen zuzendariekin solasaldiak egiteko aukera egongo da hainbat emanalditan.