Talaia Feministak Euskal Herria bizitzen ari den eraldaketa sozialak bide feministara bultzatu nahi ditu
Talaia Feminista Unea egin dute hainbat eremutako 180 emakume feminista eta subiranistak Bilbon, 2024ko dosierreko edukietan sakontzeko. Aurreko urteko koiuntura azterketa, Euskal Herriko berdintasun politika eta egitura publikoak, eta osasun mentala landu dituzte.
2025-ko otsailak 3
Bigarren urtez, Talaia Feminista Uneak ia 200 emakume feminista eta subiranista bildu ditu gaur Bilbon, EHUren Sarrikoko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean. 2024ko dosierreko edukiak landu dituzte: koiuntura, Euskal Herriko berdintasun politika eta egitura publikoak, eta osasun mentala. Guztietan eraldaketa eragiteko xedez, ezinbestekotzat jo dute begirada eta praktika feminista integrala garatzea, apustu politiko eta bitarteko publikoak egitea, eta Euskal Herriaren burujabetzan sakontzea. Orain, dibulgazio eta interpelazioari ekingo diote, Euskal Herriaren trantsizio feministan eragiteko asmoz. Horretarako, Euskal Herriko erakunde publiko, eta eragile politiko eta sozialekin partekatuko dituzte ondorioak, trantsizio horretan subjektu aktibo izan daitezen.
2024. urteko dosierreko edukiak aurkeztu dituzte bi mahaingurutan. Lehenengo mahainguruan, koiunturaren azterketa izan dute hizpide, eta batez ere, lau ardatzi erreparatu diote: indarkeria matxistari, lurraldeari, gerra eta gatazka armatuei, eta eskuin muturrari. Indarkeria matxistaren kasuan, dosierraren ondorioek diote inpunitatea handitu egin dela, eta horrek segurtasun ezaren sentsazioa eragin dezakeela; eta mugimendu feministaren mobilizazio gaitasuna inoizko handiena dela. Lurraldeari dagokionez, berriz, lurralde indarkeria salatu dute, eta krisi ekosozialari nola aurre egin modu demokratikoan eta planifikatuan eztabaidatzeko premia identifikatu dute; baita, halaber, lurra, bizitza eta gorputzak uztartuko dituen burujabetza ekofeminista baten alde borrokatzea ere. Gerra eta gatazka armatuak aztertzerakoan, haien hazkunde globala nabarmendu dute, baita diskurtso militaristena ere. Horren aurrean, beharrezkoa deritzote Euskal Herriko mobilizazio antimilitaristarako tradizioa eta aktibismo feminista berrartzea. Eskuin muturraren kasuan, Europan izandako aurrerapen orokortua ekarri dute gogora, hauteskundeez harago. Horren aurrean, Euskal Herrian dagoen arkitektura soziopolitikoa zaintzeak izugarrizko garrantzia azpimarratu dute. Denarekin, biolentziak lau esparruotan izandako gorakada horren aurrean, baitezpadakotzat dute egon badiren erantzun eta erresistentziak indartzea eta metatzea, besteak beste, zigorgabetasuna salatu eta segurtasun ezaren sentsazioa erauzteko, eta indarkeria politizatzeko.
Bestalde, bigarren mahainguruan, Euskal Herriko berdintasun politika eta egitura publikoak, eta osasun mentala jorratu dituzte. Azaldu dutenez, argi ikusi dute Euskal Herrian ezberdintasun handiak daudela errealitate administratiboen artean, baita herrialdez herrialde eta tokian toki ere. Hego Euskal Herriko azken hamarkadetako bilakaera aztertzeaz gain, hiru proposamen zehatz ere mahaigaineratu dituzte: politika publikoen estrategia duala indartzea, Euskal Herriko egiturak indartzeko estrategiak eta bitarteko publikoen biltegia eraikitzea eta feminismoaren eta eragile feministen papera eta interlokuzioa indartzeko Euskal Herri osoko ikuspegia izango duen behatoki autonomoa sortzea, ikuskatzeko, inpaktua neurtzeko eta ekarpena egiteko helburuz.
Bukatzeko, osasun mentala jorratzerakoan, adierazi dute gaixotu dugun mundu baten sintoma garela, eta horrek, emakumeengan duen eragin agerikoa ere nabarmendu dute. Premiazkotzat jo dute osasun mentala ikusezintasunetik ateratzea, arrazoi sozialei eta genero ardatzari arreta jarriz, eta, ikuspegi indibidualistaren aurrean, kolektiboa zentroan jarriz. Egungo egoeraren atzean, sistemaren porrotarekin lotutako hainbat faktore identifikatu dituzte, hala nola prekarietate materiala eta segurtasun eza, eraikitako espektatiben eta errealitatearen arteko tentsioa, komunitate sentimendua ahultzen duen isolamendua, eta isiltasunak ezkutatutako indarkeria matxista. Horren aurrean, osasun mentalari buruzko ezagutza falta borrokatzera dei egin dute, eta itxaropena elikatzera modu kolektiboan. Horrekin batera, osasunaren ikuspegia sakonki aldatzea eta sistema publikoa indartzea ere ezinbestekotzat dute. Feminismoari ere luzatu diote deia, tartean, osasun mentalaren eta zaintzaren arteko loturak lantzera, osasun mentalaren eta indarkeriaren arteko loturan sakontzera. Eta, arazoa egiturazkoa izanik, osasun burujabetza eta buru-ardura ere markatu dute ortzi-mugatzat.
Mahainguruen ondoren, hiru ardatzen araberako hainbat lantaldetan bildu eta gogoetatu dute Bilbon elkartutako dozenaka emakume feminista eta subiranistek. Haietan jasotako ekarpenekin aberastu dute 2024ko dosierra, eta horiek plenarioan partekatuz itxi dute 2025eko Talaia Feminista Unea. Eta orain interpelazio eta gizarteratze aldiari ekingo diola gehitu du, bukatzeko, Talaiak.