Suteen kalteei aurre egiteko Errigorak martxan jarritako diru bilketari bultzada eman diote hainbat aurpegi ezagunek

Kirolariak, bertsolariak, musikariak, zinegileak, idazleak edo euskalgintzako kideek babestu dute Errigoraren diru bilketa. Kanpaina honen helburua suteak kaltetutako herritarrei elkartasuna adieraztea eta era praktiko batean eta auzolanaren bidez, lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduak sustatzea, garapenaren izenean bazterrean utzi diren praktika iraunkorrak berreskuratuz.

2022-ko uztailak 12

2022ko ekainean 15.000 hektarea inguru erre ziren Nafarroan izandako sute ezberdinetan. “Galera izugarria” izan dela diote Errigorak martxan jarritako diru bilketari atxikimendua eman dioten norbanako ezagunek. “Baina txarrenean ere, herritarren auzolanerako borondateak hunkitu egin gaitu. Sua itzaltzeko eta, sua itzalita, aurrera egiteko piztu da herria”, aipatzen dute pertsona hauek gaur Iruñean egindako agerraldi batean, eta babestu egin dute Errigorak abiatu duen ekimena. Uztailaren 15era arte diru-ekarpenak jasoko dira “lurra bestela kudeatuko duten proiektuak sustatzeko, halako neurriko suterik errepika ez dadin”.

“Lurra, sua, ura, herria. Hori da kanpainari eman zaion leloa. Gu ere bagara herria, baina beste hainbat herritarrek ez bezala, badugu mikrofonoei hitz egiteko aukera. Aukera hori erantzukizuna ere badela ulertuta, kultura eta kirol-arloko hainbat lagunek bat egin dugu Errigoraren kanpainarekin”, adierazi dute. Garrantzitsua jotzen dute “aldekotasuna agertzea, partekatzea edo sare sozialetan atsegitea” baina kanpaina honekin bat egiteko modua diru-ekarpena egitea dela gogoratu dute. “Badakigu suteen aurkako behin betiko konponbidea ez dela etorriko norbanakoek borondatez egindako ekarpenen bidez, baina herritarrek pausu sendoak ematea eta proiektu eredugarriak martxan jartzea izango da berme eraginkorrena erakundeek erantzukizunez jokatzeko eta beharrezko diren neurriak hartzeko”, azpimarratu dute.

Herritarrei dei egin diete “nork bere aukeren neurrian” ekarpena egiteko. Idatzi honen sinatzaileak dira Ainhoa Tirapu, Aiora Renteria, Aitziber Garmendia, Amets Arzallus, Anari, Arantza Santesteban, Aritz Ganboa, Erika Lagoma, Estitxu Arozena, Estitxu Pinatxo, Fermin Muguruza, Fernando Goñi, Gorka Izagirre, Hedoi Etxarte, Idurre Eskisabel, Iñaki Perurena, Itziar Ituño, Jagoba Arrasate, Josemari Esparza, Juan Martinez de Irujo, Julen Zelaieta, Karmele Jaio, Lorea Agirre, Maialen Lujanbio, Maindi Murua, Mikel Alzuart, Mikel Taberna “Kapi”, Nerea Urbizu, Oinatz Bengoetxea, Patxi Eugi, Paul Bilbao, Peio Martinez de Eulate, Petti,Saioa Alkaiza, Sustrai Colina, Toti Martinez de Lezea, Unai Iturriaga, Unai Laso, Xumai Murua eta Zuriñe Hidalgo.

Gehiago