Suhiltzaileen zuzendaritzarekin egiazko negoziazio baten alde eginen du LABek
Suhiltzaileen Zerbitzuan langileek ezarri dituzten presio-neurriak fruituak ematen hasi direla dirudi. Hala, Barneko kontseilariak datozen urteetan 120 lanpostu berri ateratzeko konpromisoa hartzea lortu dute. Ildo horretan, ibilgailu berriak erostea eta langileen kudeaketa hobetzea ere langileen presioari esker lortutako lorpentzat hartu behar direla dio LABek.
2020-ko abuztuak 5
Aurrerapen horiek eta horren ondorioz sortu den egoera berriak presio-neurriak birplanteatzera eraman gaituzte. Izan ere, geu gara suhiltzaileen zerbitzuak behar bezala funtzionatu behar duela eskatzen dugun lehenak. Horregatik, idazki honen bidez, erantzukizunez jokatzeko eta zuzendaritzarekin benetako negoziazioari ekiteko deia egiten dugu, aurrerapen horiek eta behar diren beste neurri batzuk zehazteko, betiere helburua izanik bermatzea zerbitzua ematen dela herritarrek merezi dituzten berme guztiekin.
Ziur gaude langileen ordezkarien eta Barneko Departamentuko arduradunen jarrerak ez daudela hain urruti, negoziatzeko tartea dagoela, eta posible dela bi aldeentzat, baina, batez ere, herritarrentzat onuragarria izanen den akordio batera iristea.