Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko hobeak lortzea izanen da ELAren aldarrikapen nagusia Maiatzaren Lehenean

Maitzaren Lehena aurkeztu du ELA sindikatuak, Borrokan, irabazteko' lelopean. Iruñeko manifestazioa 11:30etan Gurutze Plazatik abiatuko da.

2023-ko apirilak 24

ELA aurtengo Maiatzaren Lehenera iritsiko da soldaten eta pentsioen aldeko defentsaren ikurra astintzen, eta horregatik ‘Borrokan, irabazteko’ leloa hautatu du. Sindikatuak gogoratu duenez, Europan greba uholdea dago soldaten eta pentsioen alde, eta bitartean elikagaien, energiaren edo erregaien prezioek edo hipotekek gora egiten jarraitzen dute.

Imanol Pascual Nafarroako ELAko koordinatzaileak eta Saioa Urriza Eskualdeko arduradunak gaur prentsaurrekoan azpimarratu duten bezala “ELAren lehentasuna langileriaren bizi baldintzak hobetzeko borrokatzea da, soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hobetuz”.

Imanol Pascualek gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuak 2022a 285 milioi euroko superabitarekin amaitu izana: «Lotsagarria da Gobernuak diru hori ez bideratzea Osasunbidean edo etxebizitzan dauden beharrizanak asetzea, edo Errenta Bermatuaren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldata adinakoa ezartzea bideratzea».

Nafarroako ELAko koordinatzaileak “UPN gobernutik atera eta 8 urtera fiskalitatea Sanzen eta Barcinaren berdina dela, AHTa eraikitzen jarraitzen dela, UGT, CCOO eta patronala berriro diru publikoz finantzatzen dela, eta euskarari eraso egiten zaila” deitoratu du.

Testuinguru honetan, Pascualek iritzi dio “ezkerrak beste zeregin bat izan behar duela”, eta hau guztia gertatzen ari dela “Parlamentuan ezkerreko oposiziorik gabe”.

‘Borrokan, irabazteko’ leloaren isla zuzena da ELAk gaur aurkeztu duen 2022ko Urtekaria. 48 orrialdetan, iaz lortutako 86 garaipen sindikal jasotzen ditu: “Sektore eta eskualde guztietan -azpimarratu du Saio Urrizak- milaka langilek euren lan eta bizi baldintzak hobetu dituzte ELAren eskutik”.

“Argitalpen honetan, hemendik aurrera urtero editatuko duguna, agertzen da oso modu argian zein den ELAren indarra: bere militanteen konpromisoa eta borrokak, negoziazio kolektiboaren fruituak eta zerbitzu juridikoen ezinbesteko lana”. Urrizak gogoratu duenez, “hitzarmen on bat ez da zerutik erortzen. Lan eta bizi baldintzak hobetzeak zerikusi zuzena du antolatzeko eta konfrontatzeko gaitasunarekin; hori da sindikatuaren eginkizun nagusia”.

Sindikatuak bi deialdi egin ditu, Bilbon eta Iruñean. Iruñeko manifestazioa 11:30etan aterako da Gurutzeko plazatik.

Gehiago