Etxebizitzarekin negoziorik ez!Espekulaziorik ez. Etxegabetzerik ez
Bilgune Feminista
2026-ko azaroak 10

Azaroaren 11n grebara goaz. Etxebizitzaren negozioaren, espekulazioaren eta etxegabetzeen aurka, nahiz etxebizitza eskubidearen alde kalera aterako gara. Etxebizitzarako sarbidea gorputz prekarizatuei hainbat modutan ukatua izaten ari zaien honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da etxebizitza duina eta unibertsala aldarrikatzea.
Testuinguru honetan, ez gara soilik etxebizitzaren krisi bat jasaten ari, jabetza pribatuaren eta kapital-metaketaren egiturazko arazoa bizitzen ari gara, eta prekarizazio-prozesu horrek emakumeak*, sexu-genero disidenteak eta migratu eta arrazializatuak kolpatzen gaitu modu gordinagoan.
Etxebizitzaren egituraketa eta etxejabe handiak sustatzen ari diren negozioa arrazakeriak, generoak zein dispositibo zisheterosexualak gurutzatzen dutela argi dugu. Funts putreek eta espekulatzaileek prezioak markatzen dituzte, eta irizpide arrazistek, soldata arrakalak eta emakumeen* pobretzeak, bikotezentrismoak eta zisheteroarauak etxebizitzarako sarbidea oztopatzen dute. Hortaz, urteetan zehar jabetza bera ukatu izan zaigu emakume*, arrazializatu eta sexu genero disidenteoi. Ez gara geure etxeen jabe izan, ez geure lurren, ezta geure gorputzen jabe ere. Desjabetzea, beraz, egiturazko ukazio baten segida izan da.
Gaur egun, etxebizitza egitura sozialak sostengatzeko mekanismoetako bat da, gizartearen isla da eta egitura berdinek arautzen dute. Antolaketak bizi-eredu jakin bati erantzuten dio, familia nuklearrari egokitutako etxeen arkitekturatik hasi, eta herentzia sistemetaraino. Emakume* askorentzat indarkeria normalizatzen eta betikotzen duen espazioa da. Gainera, atzerritartasun legearen ondorioz, besteak beste, egoera zaurgarri edo irregularrean dauden pertsona migratu eta arrazializatuentzat etxebizitza erroldarako ezinbesteko baldintza bihurtzen da, eta hortaz, bestelako eskubideetarako sarbidea ere bai. Horren aurrean, guztiontzako errolda eta erregularizazio erreala exigitzen dugu.
Honetan guztian, emakumeok* bizitzak sostengatzen jarraitzen dugu. Urteak daramatzagu bizitza esplotazio baldintzetan sostengatzen dela salatzen, eta jakin badakigu zaintza lanak, neurri handi batean, etxe barruan burutzen direla. Are gehiago, kide askorentzat, gehienak migratu eta arrazializatuak, lantokia bizitokia ere bada. Deuseztatu beharko litzatekeen zaintza langile egoiliar gisa lanean ari direnentzat, hain justu.
Etxebizitzaren auziak zuzeneko eragina du egun zaintza lanak aurrera eramateko baldintzetan. Etxebizitzen prezioak, egiturak zein antolaketak ez dute ahalbidetzen zaintza lanak bestela antolatzea: familia nuklearretik kanpo, modu duinean, komunitatean… Finean, etxebizitza bizitza aurrera eramateko ezinbestekoa da, baina logika zisheteropatriarkal, merkantil eta arrazistetatik at kokatzea beharrezkoa dugu.
Zentzu horretan, etxebizitza eta lan baldintza duinak izateko eskubidea eta burujabetza aldarrikatzen ditugu. Bitartean, feministok utopiak irudikatzen eta bizi eredu alternatiboak materializatzen jarraitzen dugu. Etxebizitza unibertsalaren alde borrokatzeaz gain, komunitatea indartzen duten proiektuak sustatuz, lagunekin eta kolektiboan bizitzeko hautua eginez, bizitza eta etxeak bestelako moduetan irudikatuz eta antolatuz, hirian, herrian, auzoan nahiz landa eremuan. Euskal Herrian trantsizio feministan urratsak emateko etxebizitza politikak birpentsatuz eta eraikiz eta herri bezala feminismotik bizitza bizigarrien alde borrokatuz. Etxebizitzak bizitoki bizigarri bihurtuz. Denontzat eta eskuragarri.
Etxebizitzarekin negoziorik ez!
Espekulaziorik ez! Etxegabetzerik ez!
Gora borroka feminista!
