“Sigla eta familia politikoetatik haratago”, Iruñean ospatuko da 2016ko Aberri Eguna

Martxoaren 27an Aberri Eguna Iruñean ospatzeko deia egiten die Independentistak sareak euskal herritarrei.

2016-ko otsailak 5

Ohikoa den moduan, aldarrikapena eta ospakizuna uztartuz, egun osoko egitaraua izango da: eguerdian manifestazioa eta ekitaldi politikoa egingo dira eta, ondoren, ospakizunak segida izango du gauera arte Iruñeako kaleetan zehar eta jendeak jai giroan egun eder bat igarotzeko aukera izango du.

“Aberri Egun zabal eta parte-hartzailea” antolatzea da Sarearen asmoa eta, sigla eta familia politikoetatik haratago, “independentista guztiek aniztasunean elkarturik ospatzeko” deia egiten du. Datozen asteetan kaleratuko ditu 2016ko Aberri Egunaren inguruko hausnarketa politiko zabalagoa, egitaraua eta gainetiko zehaztasunak.

“Euskal Herri mailan Iruñerako deialdia egiten da, baina, horrez gain, mundu zabalean zehar zabalduta dagoen euskal komunitatean gora doa, urtetik urtera, Aberri Eguna ospatzen den tokien kopurua. Independentistak sareak dinamika hori bultzatuko du munduko herrialde desberdinetako sarekideen bitartez”, zabaldu dutenez.

Sarea antolaketa lanetan sartuta dago jadanik eta martxoaren 27ko erronkari elkarlanean aurre egiteko deia luzatzen die independentista guztiei. “Urtero bezala, sarekideen eta herritar ugariren laguntzari esker lortuko da garai politiko hauek eskatzen duten Aberri Egun jendetsu eta esanguratsua”, azpimarratu du Independentistak sareak .

Gehiago