Siemens Gamesak enpresa ixteko erabakiari eutsi dio negoziazioen lehenengo bileran
Orain astebete jakinarazi zuen Siemens Gamesak Agoizko ekoizpen planta ixteko asmoa zuela. Ordutik aurrera erreakzioak hamaika izan dira. Nafarroako eskualde honetako fabrika handienetako bat da haize errotena eta horren itxierak 250 langile ingururen kaleratzea ekarriko luke. Gaur hasi dira enpresa eta langileen arteko negoziazioak, eta larunbatean manifestazioa izanen da Iruñean.
2020-ko uztailak 8
Gaur, enpresak aurkeztutako langile guztientzako enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldiko lehen bilera egin da. Epea uztailaren 8tik abuztuaren 8ra bitartekoa izango da. Bilera-egutegi bat ezarri da, astero bilera bat egiteko asmoarekin.
Enpresa batzordeak erabat arbuiatu du enpresak aurkeztutako itxiera planteamendua, lantegia lehiakorra eta produktiboa dela argudiatuta, eta salatu du enpresak emandako arrazoiek ez dutela inola ere justifikatzen Agoizko lantegia ixtea.
10 urte baino gutxiagoko lantegia da, eta Nafarroako Foru Erkidegoak automobilgintzarekiko duen mendekotasun handiaren alternatiba gisa eraiki zen, inguruko industria-sarea indartzeko asmoz. 64,5 milioi euro inbertitu zituzten lantegian, eta horietako asko Nafarroako Gobernuak emandako diru laguntzak izan ziren. Hori dela eta, orain Gobernuari eskatzen diote enpresari eska diezaiola espedientea kentzeko eta lantegirako industria-proiektu bat bilatzeko.
2019an, lantegiak ia 400 langile zituen, eta aurreko urteekin alderatuta, bikoiztu egin zen ekoizpen-ahalmena. Ia 300 pala ekoiztu ziren, eta enpresak bosgarren txanda bat ezarri behar izan zuen. Azken urteotan, instalazio hori eredugarria izan da ekoizpen-kalitateari dagokionez, eta taldeko gainerako instalazioetarako erreferentea izan da. “Ez dirudi arrazoizkoa denik aurrekari horiekin enpresa ixtea, kontuan hartuta enpresak lan-karga handia zuela 2021eko irailera arte”, esan du langileen komiteak.
Azaldutako guztiagatik, enpresa-batzorde osoak espedientea erretiratzeko eskatu dute, lantegi horri irtenbide edo alternatiba bat bilatzeko asmoz. “Argi daukagu deslokalizazio kasu honetan multinazionalak bere etekina maximizatu besterik ez duela nahi”, esan dute langileek.
Hurrengo bilera uztailaren 16an izango da, 12: 00etan. Asteburu honetan, ordea, langileek manifestazioa eginen dute Iruñean. Larunbatean da hitzordua, arratsaldeko 18etan Autobus Geltokitik abiatuko da martxa.