Sanferminetan kalean bizi direnek Bainuetxeen zerbitzu hobaritsua ezin dutela erabili salatu dute

2026-ko ekainak 30

Negu Gorriak ekimenak salatu du Sanferminetan etxerik gabeko migratzaileak bizi duten egoera lazgarri bat. Nahiz eta Bainuetxeak ordutegiak zabalduko dituen, eta jaiak irauten duen bitartean etenik gabe irekita egongo den, dutxatzeko eta arropa garbitzeko zerbitzuak eten eginen dira.

“Kale-egoeran dauden migratzaileek Gizarte Zerbitzuetako Auzo Unitateen bidez tarifaren hobaria eskuratzeko aukera dute. Sanferminetan, ordea, hobari horiek ez ditu errespetatzen Distrivisual enpresak, zerbitzua kudeatzen duen enpresak”.

Negu Gorriak ekimenaren usteetan Udalaren eta azpikontrataren mezua hauxe da: “Pobreziari, urik ere ez”. Horrekin batera, Udalari leporatu diote biztanleria zaurgarria “Alde Zaharra bihurtu nahi duten erakusleiho horretatik urruntzea”, beti ere “funts espekulatiboak, gentrifikazioaren industria eta edozein ekimen pribatu erakartzeko amu gisa”, eta hori dela Udalaren “barne-mugaren proiektua”.

Distrivisual enpresak “dirutza” fakturatzen duela eta horren truke es duela “gutxieneko kalitateko zerbitzu” bat eskaintzen ere salatu dute. “Bainuetxean etxeko hiru garbigailu baino ez daude, programa azkarrekin eta prebentzio zein osasun publikoko protokoloen arabera higienizazio-maila egokietara ere iristen ez diren tenperaturekin”.

Bukatzeko, eskatu dute oinarrizko beharrak ez merkantilizatzea eta higienea eta osasun publikoa eskubideak defendatzea.

Gehiago