Sanferminak errespetuz eta indarkeria sexistarik gabe gozatzera deia egin dute Iruñeko Peñek

Peñen aurtengo pankartetan gaurkotasuneko gaiak ikus daitezke: Palestinaren defentsa, eskuin muturraren gaitzespena, feminismoa, ekologismoa, antimilitarismoa, kritika soziala eta tokiko politika.

2026-ko ekainak 24

Ekainaren 27an, gaur aurkeztu dituzten pankartak lehen aldiz kalean ikusteko aukera izanen da. Larunbatean Peñen Eguna ospatuko da, Sanferminen aurretiko jaia izanen da, eta Zezen Plazaren kanpoaldean eginen dira ekitaldiak. Azken urteetan bezala, peñak 9:00etan hasiko dira beren kaldereteak prestatzen, eta Reyno Gourmeten bi lote gastronomiko izango dira lehiaketa honen sari nagusia. 10:30etan elkarretaratze bat egingo da Sanferminei begira eraso sexistak gaitzesteko. Ondoren, azoka solidarioa hasiko da. Bertan izango dira BDZ, Yala Nafarroa, Salam-Gaza Nafarroa (kausa palestinarrean inplikatutako hirurak) eta Dravet sindromea elkarteak. 11:00etan, peñen arteko Grand Prix-a izango da, eta, aldi berean, Jaiak txaranga abiatuko da. Pankartak kailejoian aurkeztuko dira 12:30etatik aurrera eta bazkaltzeko ordura arte egongo dira. Bazkari herrikoia, 14:30etan izango da eta, hau amaitutakoan, Rubo eta Biziraun erromeriaren kontzertuak izango dira.

Pilota, German, zezenketen alternatibak...

Urtero legez, Peñen Federazioak Sanferminei begira hamaika jarduera antolatu ditu, adin guztientzako. Emakumezkoen pilota txapelketa Ados Pilotarekin elkarlanean antolaturik uztailaren 5ean eta 10ean eginen da. Erremonteari dagokionez, txapelketa 8, 9 eta 10ean ospatuko da. Uztailaren 10ean Goxo Txaranga izango da, bai goizeko Ados Pilotaren txapelketan, bai arratsaldeko erremonte txapelketan.

Uztailaren 8an, Germanen omenezko ekitaldi tradizionala egingo da SF78Gogoan ekimenarekin batera, arratsaldeko 20:30ean, gutxi gorabehera, haren monolitoan.

Uztailaren 10ean Peñen Egun Txikia ospatuko dute, lehenengo Txupinazo Txikiarekin batera.

Eraso sexistarik ez

Iruñeko Peñen Federaziotik adierazi dute “gure jaietan ez dago tokirik eraso sexistentzat, ezta beste edozein indarkeria edo diskriminazio motarentzat ere”. Gogoratu dute peña guztiek elkarrekin lan egin dutela “egoera horiei aurrea hartzeko eta, horrelakorik gertatuz gero, erantzun koordinatua eta irmoa bermatzeko”. Berretsi dute “gure peña guztiak emakumeentzako gune seguruak direla eta izaten jarraituko dutela, edozein erasoren aurrean arduraz eta erabakitasunez jokatzeko prestatuak, erasoa nork egiten duen kontuan hartu gabe”.

Sanferminak “aniztasunetik, elkarbizitzatik eta elkarrekiko errespetutik eraikitako ospakizun herrikoia” direla azpimarratu nahi izan dute eta herritar guztiei “jai hauetaz askatasunetik eta zaintza kolektibotik” gozatzeko dei egin diete. “Pertsona guztiok eskubidea dugu Sanferminak baldintza berdinetan, beldurrik gabe, diskriminaziorik gabe eta gure nortasuna, izateko modua edo janzteko modua erabat errespetatuz bizitzeko eskubidea”.

Halaber, pertsona guztien irisgarritasunean eta inklusioan oraindik ere lan egin behar dela aitortu dute. “Lanean jarraitzen dugu gure peñak eta jarduerak gero eta irisgarriagoak izan daitezen, oztopoak kenduz eta gure espazioak egokituz inor jaietatik kanpo gera ez dadin mugikortasun-arrazoiengatik edo beste behar batzuengatik”, adierazi dute.

Iruñeko Peñen Federaziotik “Sanfermin feministak, inklusiboak, irisgarriak eta indarkeriarik gabekoak defendatzen” jarraituko dutela berretsi dute.

Gehiago