Sakanan izandako tortura kasuak azalarazteko dokumental bat eginen dute
Sakanan gutxienez izandako 149 torturatuei sor zaien egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzea du helburu Arg(h)itzen egitasmoak. Crowdfunding kanpaina bat abiatu dute proiektua diruz hornitzeko.
2021-ko otsailak 17
Azken urte hauetan ahalegin handiak egiten ari dira Euskal Herrian luze irauten ari den gatazka politikoa konpontzeko eta bizikidetza demokratiko eta baketsu bat lortzeko. Horien artean kokatu behar dira torturaren eraginari zifrak jartzeko ikerketak eta saiakerak. Sakanan, tortura sufritu duten bizilagunen kopurua zehaztu dute, eta orain horiei hitza eman nahi diete ikus entzunezko proiektu batekin: Arg(h)itzen egitasmoa.
“Dimentsio historikoa eta izaera politikoa duten gatazkak konpontzeko bidean oroimen historikoa ahanzturatik berreskuratu, gorde eta transmititzeak berebiziko garrantzia du”, adierazten dute euren egitasmoa justifikatzeko. Gatazka politikoan kaltetuak izan diren herritarrei zor zaien erreparazioaren ikuspegitik eta bereziki ondorio horiek etorkizunean ez errepikatzeko, funtsezkoa jotzen dute gertatutakoa azaleratu eta belaunaldi berriei transmititzeko bitartekoak sortzea. Horregatik erabaki dute “mosaiko erraldoi bat” egitea pertsona guzti hauekin.
1960-2011 urteen arteko epealdian izandako tortura kasuak aztertuko dituzte dokumental honetan. Dokumentatuta dauden testigantzen arabera, denbora horretan gutxienez 149 sakandarrek jasan dituzte tratu txarrak eta torturak. Paco Etxeberriaren Lan Taldeak egindako ikerketari erreferentzia eginez, Nafarroan oraindik horrelako ikerketarik ez dela egin gogoratzen dute, eta horren beharra aldarrikatu nahi dute era praktikoan lan honekin.
Ordu bateko lana Sakanan izandako tortura kasuak azalarazteko
Gutxi gora behera ordu beteko iraupena izango duen dokumentala egin nahi dute, eta lan horren haria tortura jasan dituzten herritarren lekukotasunak izango dira. “Tortura pairatu duten Sakanako herritarren testigantzetan oinarrituko da, torturaren praktika posible egin duen testuinguru zein sistema guztia iluntasunetik argitara ekarriz” azaldu dute filmaren bultzatzaileek. Gainera, hainbat adituren ekarpenak jasoko dira dokumentalean: abokatuak, mediku forentseak, psikologoak, historiagileak, kazetariak….
Bultzatzaileen artean Irurtzungo Aixita Elkartea dago. Koordinazio lanak egiten Unai Razkin arituko da. Irudiak eta soinuaren arduradunak Aitor Karasatorre eta Luis Quintana izanen dira. Atrezzoa eta komunikazioa Olatz Aldasorok garatuko ditu, eta gidoia eta elkarrizketak Juan Kruz Aldasorok eginen ditu. Bukatzeko, Josu Imaz harremanetarako arduraduna izanen da.
Crowdfunding kanpaina abiatu dute 10.000€ lortu ahal izateko
Dokumental hau egin ahal izateko 10.000€ behar dutela kalkulatu dute, eta Verkami plataforman crowdfunding kanpaina abiatu dute. Bertan egin daitezke dohaintzak.