Sabico enpresako langileek greba luzatu dute urtarrilaren 31 arte enpresak aurrerapausorik ematen ez duelako

28 egun greban daramatzaten Sabico enpresako langileek, elkarretaratzea egin dute Iruñeko Udaletxearen aurrean segurtasun pribatuko estatuko hitzarmenaren baldintza kaskarrak hobetuko dituen hitzarmen propioa negoziatzeko eskakizuna berresteko.

2022-ko abenduak 14

Nafarroan alarmen, ingeniaritzaren eta administrazioaren mantentze lanetan diharduten Sabico Seguridad enpresako 15 langileek erabaki dute urtarrilera luzatzea pasa den azaroaren 16an hasi zuten greba.

Oraindik enpresak ez du negoziatzera eseri nahi izan, eta ez dio erantzun ELAk gatazka desblokeatzeko egin dion proposamenari, sindikatuaren arabera.

Gaur egun, enpresak segurtasun pribatuko estatuko hitzarmena aplikatzen du, berriki CCOO, UGT eta USO sindikatuek sinatua. Honek lan baldintza kaskarrak eta erosteko ahalmenaren galera nabarmena ekarriko duela salatu du ELAk.

“Eta hori guztia gertatzen da sektoreko estatuko enpresa nagusietako bat denean Sabico. Onura ekonomiko izugarriekin, hainbat enpresa garrantzitsutan lan egiten du, hala nola Kutxabanken, Tecnoconfort, Nafarroako Unibertsitatean edo La Morea merkataritza zentroan”, dio ELAk.

ELAk enpresaren blokeoa salatu nahi du eta lan baldintzen hobekuntza negoziatzeko eskatzen dio. “Langileek 2023 eta 2024 urteetarako KPItik gorako soldata igoerak eskatzen dituzte, urteko lanaldia nabarmen murriztea, antzinatasuna ordaintzea, soldata % 100ean osatzea baja izanez gero, eta euskara ikasteko plana egitea, besteak beste”, azaldu du ELAk.

Gehiago