Pascual Lazkano Holokaustoaren biktima omendu dute Basaburuan
2025-ko urtarrilak 27

Ilarregiko kontzeju-etxean egin den ekitaldian Pascual Lazcano Cía gogoratu eta omendu egin dute. Ilarregin jaio zen 1909an, eta 1944an hil zen, Flossenburgeko kontzentrazio-esparru nazian (Alemania).
Ekitaldian Kontzejuko alkateak, Ahaztuak herri ekimena elkarteko kideek eta musikariek hartu dute parte, eta Ana García historialariak Alemaniako kontzentrazio-esparruetan euskaldunen presentziaren ingurukoak azaldu ditu, baita Pascual Lazkanoren bizitza eta borrokari buruzkoak ere.
Ekitaldia baliatu nahi izan dute “frankisten kolpearen ondoren errepresioa era batera edo bestera jasan zuten eta ahaztuta egon diren gure haranetako pertsona guztiak gogoratuz”. Faxismoak “gure artean jarraitzen duela” adierazi dute, eta aurre egiteko deia egin dute.