“Pasaiako Badia” dokumentalaren crowdfunding kanpaina aurkeztuko da larunbata honetan Iruñean
Pasaiako segada gai zentrala izango duen dokumentalaren crowdfunding kanpaina aurkeztuko du “Oinatzak Produkzioak”ek azaroaren 12an Iruñeako Katakrak liburutegian goizeko 11etan. Pasaian 1984an hildakoen senide eta lagunek nahiz talde teknikoak babestuta aurkeztuko dute 8.000€ biltzea helburu duen kanpaina.
2016-ko azaroak 10
Dokumentalak 1984ko martxoaren 22an Pasaian jazotako gertaerak bilduko ditu. Bertan, Jose Mari Izura, Pedro Mari Isart, Dioni Aizpuru eta Rafael Delas hil ziren poliziak prestatutako segadan. Joseba Merino testigu zuzenak, Aizpuru eta Delas atxilotu ondoren fusilatu zituztela salatu izan du. Paco Etxeberria mediku forenseak 113 bala zulo zenbatu zizkien autopsian lau gorpuei. Kasua 2016ko ekainean artxibatu zuen Donostiako Auzitegi Probintzialak. Senideek Estrasburgora jotzeko asmoa adierazi dute.
Pasa den martxoan aurkeztu zuten proiektua Pasaian buruturiko prentsaurrekoan. Maiatzean grabazio lanetan aritu ziren, eta hildakoen senideak, Rosa Jimeno eta Joseba Merino testigu zuzenak nahiz Pasaiako herritarrak, Santiago Gonzalez eta Miguel Castels abokatuak, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia edota Enrique Villareal “El Drogas” elkarrizketatu dituzte orduz geroztik. Elkarrizketa gogor, latz zein hunkigarriak bildu dituzte.
Orain arte sortutako gastuen zati bati aurre egin eta aurrera begira dituzten erronkak finantzatzeko abiatuko dute crowdfounding kanpaina. Kanpainak irauten duen bitartean, gaiaren inguruko erakusketak jarriko dituzte Euskal Herriko hainbat herritan. Dokumentala 2017ko udazkenean estreinatuko da eta zinemaldi desberdinetara aurkeztuko dute.
Prentsaurrekoan orain arte grabatutako zenbait elkarrizketa eta irudirekin osatutako teaser-a aurkeztuko da. Era berean, Oinatzak Produkzioak-eko kideek dokumentalaren nahiz crowdfunding kanpainaren xehetasunak emango dituzte. Segadan hildakoen senideetako baten ere hartuko du hitza.