Mikel Zabalzaren memoriak bizirik dirau: egia, justizia eta erreparazioa eskatzen jarraitzen dute

Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak omenaldia egin dio Mikel Zabalzari, haren heriotzaren 41. urteurrenean. Ekitaldian, herri ekimenak azpimarratu du egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidea ez dela amaitu, eta urrats sendoagoak eta ausartagoak egiteko eskatu du.

2026-ko azaroak 23

Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak omenaldia egin dio Mikel Zabalzari igande honetan Orbaizetako Arma Olan, haren heriotzaren 41. urteurrenean. Ekitaldian, herri ekimenak azpimarratu du egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidea ez dela amaitu, eta urrats sendoagoak eta ausartagoak egiteko eskatu du.

Herri ekimenak gogorarazi du Mikel Zabalza biktima gisa aitortua izan dela euskal instituzio nagusietan, baina hori ez dela nahikoa. Torturaren gaineko inpunitateak bizirik dirau, eta egia osoa eta justizia oraindik ez dira heldu.

Herri ekimenak ere gogorarazi du Iker Aristuren heriotzak torturak uzten dituen ondorio lazgarriak erakutsi dituela, eta horrek urrats sendoagoak egiteko balio beharko lukeela. “Ikerren heriotzak torturaren aurpegi gordinenetako bat erakutsi digu berriz ere, eta urrats sendoagoak eta ausartagoak egiteko balio beharko luke pasarte mingarri honek; izan ere, aitortzek ez dutela inolaz ere erreparazio osoa bermatzen”, esan dute ekitaldian. Horrekin batera, datorren abenduaren 12an Iturrama auzoan eginen den ekitaldian parte hartzeko deia egin dute.

Hauteskunde garaian egonik “inboluzio arriskuaz” ohartarazi dute. “Guk argi dugu, memoria inklusibo baten premia dugula. Egia eta justiziaren bidea egiten laguntzea eskatu nahiko genieke aurki Madrilerako bidea hartuko duten ordezkari politiko horiei eta baita datorren udaberrian tokiko administrazio eta Nafarroako Gobernuan izanen diren ordezkariei. Estatuak sortutako itzalei argia jar diezaiotela; finean, Sekretu Ofizialen legea indargabetu dezatela. Gure eskutan dago exijentzia hori aintzat har dezaten”.

Azkenik, herri ekimenak iragarri du unitate didaktiko bat prestatzen ari dela, Mikel Zabalzaren kasutik abiatuta tortura lantzeko, belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko eta egia osorantz indarrak metatzen jarraitzeko.

Gehiago