Palestinaren aldeko manifestazio nazionala izanen da Bilbon datorren larunbatean

Israelek 75 urtez indarrean izan duen kolonializazioaren aurrean Palestinako herriak erresistentziarako eskubidea duela aldarrikatuko dute larunbatean Bilbon, hainbat taldek deituriko manifestazio nazionalean.

2023-ko urriak 23

Palestinako herriak erresistentziarako duen eskubidearen aldeko manifestazio nazionala deitu dute heldu den larunbaterako Bilbon (Jesusen Bihotza, 18.00). Deitzaileak Euskal Herriko hainbat eragile dira, baina zerrenda ez da momentuz jakitera eman. Manifestazioaren leloa ‘Gora palestinar erresistentzia. Sionismoa genozida da’.

Bilbon astelehen honetan egin duten agerraldian nabarmendu dutenez, «egun hauetan Palestinan gertatzen ari dena Estatu sionistaren 75 urteko kolonialismo, apartheid eta Gazako Zerrendaren aurkako blokeoaren testuinguruan soilik uler daiteke».

«Ez gaude ‘Hamasen aurkako gerra’ baten aurrean, herri baten genozidioaren eta elkartasun adierazpenen jazarpen eta errepresioaren aurrean baizik», nabarmendu dute.

«Mendebaldeko gobernuen, enpresen eta alderdi politikoen konplizitateak eta lankidetzak Israelgo Estatua legitimatzen dutela salatu nahi dugu. Bai eta Bakean izenean bi aldeetan indarkeria amaitzea deitzen duten diskurtsoak ere, zapalduak eta zapaltzaileak parekatuz», salatu dute.

«Palestinar herriak bere okupatzailearen aurkako erresistentziarako eskubidea du. Forma eta adierazpen guztietan. Ezin da parekatu edo kriminalizatu herri baten autodefentsa-erresistentzia erakunde militar kolonial inperialista batekin», azpimarratu dute.

Gehiago