Osotara 75.000 olio litro eramanen ditu Errigorak Euskal Herriko 5.000 etxetara

Eskutik eskura kanpaina arrakastatsua izan dela azpimarratzeaz gain, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko sarea gero eta egonkortuago dagoela ere aipatu du Errigorak.

2016-ko martxoak 11

75.000 litro olio eskatu ditu Errigorak 5.000 etxe baino gehiagotara eramateko, Errigorako kide, euskaltegi, ikastola, eskola, herri komunikabide, lantoki, elkarte eta herrigintzako boluntario guztiei esker.

“Kontsumitzaile arduratsuok herriz herri bat egin eta, auzolanean, bertako produktuak kontsumituta, gutako bakoitzari on egiteaz gain, gure inguru hurbilari on egiten” zaiola gogoratu dute. Eta ildo horretan, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura Nafarroa hegoaldeak berezko dituen produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena ongi funzionatu duela agerian geratzen da berriz ere emandako datuen arabera. 

“Gure baratzak eman diezagukeena milaka kilometrora ditugun soroetatik ekartzea zentzugabekeria galanta” dela azpimarratu dute. Hortaz, eskutik eskura herriz herri bertakoaz elikatzeko prest dauden kontsumitzaile arduratsuen komunitateak osatzeko saiakera ere bada.  2.014an 1.500 etxetara heldu ziren 30 bat herritan, 2.015ean 3.000 etxe eta 50 herri izan ziren eta, aurtengoan, 5.000 etxe baino gehiago izan dira 60 herri baino gehiagotan. 

Era berean, eskutik eskura ekoizle arduratsuak saretzeko ahalegina da. “Gure asmoa kanpainatik kanpainara ekoizle berriak gehitzea da, eta lehendik Errigoran parte hartzen dutenekin pausu berriak ematea. 2.014an olio errota bakarrarekin egin genuen kanpaina, iaz birekin eta aurten lau errotaren parte hartzea izan dugu”. 

Ehunka lagun arituko dira, borondatez, ekoizleengandik olio bidoiak jaso eta banaketa antolatzen, 5.000 etxetako despentsak nafar olioz bete daitezen. Baina etxe partikularretara bakarrik ez, aurtengoan olioa hamaika kontsumo talde, elkarte gastronomiko, txoko eta eskola-ikastoletako jantokietara ere helduko da.
Hurrengo zita maiatzean da. Oraingoan olioarekin egin den bezala, maiatzaren 12tik 24ra kontserba loteak eskatzeko tartea zabalduko dute. 

Gehiago