Osasungintzako langileak ez ezik, sektore publiko osoko langileak aterako dira kalera otsailaren 15eko greba egunean
LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILAS sindikatuek legez ezarritako foroetan benetako negoziazioa egiteko deia egin diote Nafarroako Gobernuari. Horretarako, sektore publiko osoan greba deitu dute otsailaren 15erako, Osasunbideako langileek deitutako paro egunarekin bat eginez.
2023-ko otsailak 6
LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILAS erakunde sindikalek zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoak defendatzeko deitu dute greba eguna. “Ziur gaude Osasunera, Hezkuntzara, Gizarte Zerbitzuetara, Kulturara, Ingurumenera, Berdintasunera, Bizikidetzara eta esparru publikotik ematen diren zerbitzu guztietara bideratzen diren baliabide ekonomikoak pertsonen bizi-kalitatera nabarmen itzultzen diren baliabideak direla”, adierazi dute, eta horregatik defendatu dute bere beharra, “gizarte hobea, justuagoa eta desberdintasun gutxiagorekin” eraikitzeko. “Azken batean, ongizatea bermatzeko gaitasuna duen gizartea”, gehitu dute.
Horra iristeko, ezinbestekotzat jotzen dute zerbitzu publikoetan inbertsio handiagoa egitea, eta haserre agertu dira sektore publikoaren langileen lan baldintzak hobetu behar direla uste dutelako. “Denbora daramagu Negoziazio Mahaietan proposamenak aurkezten. Besteak beste, sektore publikoko pribatizazio-politikarekin amaitzea eta orain arte pribatizatu dena iraultzea, Nafarroako Gobernuak bere autogobernu-eskumenak erabiltzea, enpleguaren egonkortasuna eta behin-behinekotasunaren murrizketa % 8aren azpitik, plantillaren tamaina egokia ezartzea langileen ratioak handituz, prestakuntza eta dedikazioa sustatzea…”
Aurrekontua handitzea zerbitzu publikoak hobetzeko
Nafarroako Gobernuari eskatzen diote, autogobernua erabiliz, behar diren diru partidak bidera ditzala enplegatu publiko guztiek erosteko ahalmena berreskuratzen aurrera egin dezaten, Nafarroako KPI aplikatuz. “Defendatzen dugu gerta daitezkeen lan-hobekuntzak langile guztien onerako izatea eta Administrazio Publikoan dauden soldata-arrakalak ezabatzea. Lan- hobekuntza horiek ez dituzte ordainsarien igoerak bakarrik kontuan hartzen, haratago doaz”, ziurtatu dute.
Horrela, emakumeen eta gizonen arteko “benetako berdintasuna” bermatuko duten hobekuntzak aldarrikatzen dituzte, langileen lan-osasuna babestuko dutenak, Nafarroako herritarren eskubideak aitortuko dituztenak, landa-inguruneetan zerbitzuak “behar bezala” ematen direla bermatuko dutenak eta “enplegu gehiago” emango dutenak, “jardunaldiak behar bezala” berrikusita.
Nafarroako Gobernuari eskatzen diote euren aldarrikapenak Mahai Sektorialetan eta Mahai Orokorrean negoziatzea, eta bien bitartean, otsailaren 15ean mobilizazioak eginen dituzte greba egunarekin batera. Hala, datorren asteko asteazkenean 11.30etan Diputazioaren aurrean elkartuko dira eta arratsaldeko 17.30etan manifestazioa eginen dute Iruñeko Autobus Geltokitik.