Orkoienen izandako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea eginen dute gaur
Foruzaingoak bi egunez jarraian atxilotua ostean espetxeratu dute. Abenduaren 24an, gabon gauean, gertatu zen sexu erasoa eta gaur erasoa gaitzesteko elkarretaratzea eginen dute. Bestealdetik, Itaiak beste mobilizazio bat eginen du Iruñean abenduaren 30an azken asteetan izandako eraso sexistak salatzeko.
2020-ko abenduak 29
Gizon bat bi aldiz atxilotu dute Orkoienen, indarkeria matxista delituak egotzita. Foruzaingoak jakitera eman duenez, lehen atxiloketa Gabon-gauean para eraso ostean izan zen, eta bigarrena, egun bat geroago urruntzeko agindua urratzeagatik.
Orkoiengo Udaleko EH Bilduren taldeak babesa agertu dio biktimari, eta bat egin du mugimendu feministak asteartean 19:00etan deitutako elkarretaratzearekin. “Gizarte gisa ezin dugu onartu pertsona bat bera ere, emakume izateagatik, eraso baten biktima ez izatea”, adierazi du talde soberanistak.
Orkoiengo Udalak ere bat egin du deialdiarekin, eta aho batez onartu du adierazpen bat, honako hau dioena: “Emakumeen aurkako indarkeriak banakako erasotzaileak eta biktimak ditu, baina botere-harremanetan oinarritutako egiturazko arazo baten ondorio da, emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea helburu duena”.
Horren ostean adierazi duenez, “indarkeria hori genero-aurreiritzien inguruko sozializazio iraunkorraren ondorio larriena eta muturrekoena da, emakumeen oinarrizko askatasunen aurka egiten duena eta giza eskubideen urraketa dakarrena”.
Iruñean abenduaren 30an
Azkeneko 3 asteetan Iruñerrian izandako eraso matxista ezberdinak salatzeko asmoz, Itaiak mobilizazio bat eginen du abenduaren 30an Iruñeko Udal Plazan arratsaldeko 20:00etan.
“Hauek salatutako erasoak diren arren, badakigu indarkeria matxista kasuak askoz gehiago izan direla. Kontuan hartu beharrekoa da pandemiak azeleratutako krisi testuinguru honek indarkeria testuinguruak areagotu dituela, bai proletarizaziorako joeragatik baita isolamendu sozialarengatik ere, testuinguru bortitz honetan emakume langilea sujetu zaurgarri eta kolpatuena izanik. Hori gutxi balitz, estatuaren mesedetara dauden komunikabideek horrelako erasoak desitxuratzen dituzte, zenbaitetan eraso matxistari ordez horien ondorengo gertakariei garrantzi gehiago emanez”, dio Itaiaren oharrak.